Ekainaren 13ko CAFeko akziodunen batzarrera begira, Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuaren aurkako salaketa kanpaina zabaltzeko deia abiatu du BDS mugimenduak. Proiektu horri esker, "okupatutako lurralde palestinarra anexionatzen jarraitu ahal izango du Israelek".
Ekainaren 13an CAFek egingo duen urteko akziodunen batzarra baliatuz, Boycott, Divestment and Sanctions izeneko mugimenduak bere web orrialdean salatu du palestinarren giza eskubideen urraketetan euskal enpresak duen inplikazioa. Israelek Zisjordaniako lurralde palestinarrak "anexionatzeko asmoa" duela ohartarazi du, eta lapurtutako lurralde horietan "legez kanpoko koloniak" indartzen dituen tranbiaren proiektuan parte hartzen ari dela CAF konpainia.
Horrez gain, gogorarazi du CAFeko akziodunen batzarra eta gobernu sionistak uztailaren 1etik aurrera okupatutako Zisjordania palestinarraren zati garrantzitsu bat ofizialki anexionatzeko egindako iragarpena sinkronizatuta daudela.
Kanpainak "Jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik" du lema, eta trenbidearen eraikuntza planak geldiaraztea du helburu. Horretarako, #CAFJaitsiZaitezIsraelenApartheidarenTrenetik traola, enpresara mezu elektronikoen bidalketa masiboa eta sinadura bilketak bultzatu dituzte.
BDS-k gogora ekarri du Jerusalemgo tren arinak legez kanpoko koloniak Mendebaldeko Jerusalemekin lotzen dituela, eta kolonia horiek nazioarteko zuzenbidearen arabera gerra krimen bat direla. Shapir, Jerusalemgo tren arinaren proiektuan CAFen bazkide den enpresa israeldarra, nazioarteko zuzenbidearen urraketen ondorioz enpresa konplizeen zerrendan kokatu du Nazio Batuen Erakundeak, eta harekin harremanak etetea gomendatzen du.