argia.eus
INPRIMATU
CAFek Jerusalemgo tranbiaren proiektua utz dezala eskatzeko manifestaziora deitu du BDZk
  • Larunbatean egindako prentsaurrekoan adierazi dute manifestazioa ekainak 14an Donostian egingo dutela. 130 kolektibo, alderdi politiko eta sindikatu batu zaizkie eta "atxikimendu kanpaina oraindik zabalik dagoela" gogorarazi dute.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 25
BDZk otsailaren 22an Donostian egindako prentsaurrekoa. BDZ

Mugimenduak bost urte daramatza CAFen kontrako kanpainarekin borrokan. Bost urte "CAF salatzen, Jerusalemgo tranbiaren proiektuan parte hartzeagatik, tranbia horrek Jerusalem hiria eta Israelek Palestinako lurralde okupatuetan dituen kolonia ilegalak lotzen dituelako". Kanpainak izan duen atxikimenduen gorakada ere azpimarratu dute: "Duela bost urte, 70 elkartek, sindikatuk eta alderdi politikok bat egin zuten kanpainarekin (...) Urte hauetan zehar, kanpainaren babesa biderkatu egin da, eta gaur arte 130 atxikimendu baino gehiago jaso ditu".

Kanpainaren CAF Jaitsi zaitez apartheidaren trenetik! manifestuak CAFen kontra egitearen arrazoiak jasotzen ditu: "CAFen bazkide israeldarra, Saphir, Nazio Batuen datu-basean sartuta dago, zeinak 110 enpresa baino gehiago izendatzen dituen palestinarren okupazioaz eta apartheidaz etekina ateratzen dutenak". Bide beretik, "CAFek nazioarteko zuzenbidea bete dezala" eskatu dute, Nazioarteko Justizia Gorteak 2024tik "Palestinaren okupazio israeldarra legez kanpokotzat" jotzen baitu.

Kanpainak nazioartean izan duen oihartzuna ere gogoratu dute: Norvegian, Frantzian, Erresuma Batuan, Mexikon eta Kolonbian, besteak beste, CAF enpresa tren eta trenbideen kudeaketarako "aukera egokia" ez dela erabaki baitute. Eusko Jaurlaritzari jarrera berbera izan dezala eskatzen diote, "CAFi ematen dion babesa eten dezala, enpresak nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte".

CAFen kontrako ekintza Orbitaleko filialean

Prentsaurrekoaren egun berean Nafarroako BDZko kideek Orbital (CAFen filialean) enpresaren aurrean ekintza egin dute. Enpresak "genozidioarekin konplizitatea duela salatzeko eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza publikoak jasotzen dituela adierazteko" batu dira mugimenduko kideak. Jerusalemgo tranbiak sortzen duen kaltea salatzeko antzezpen bat egin dute.

Orbital enpresan egindako antzezpena. BDZ Nafarroa