argia.eus
INPRIMATU
CAFek ekoizpena beste herrialdetara eramateko duen “presa” salatu du LABek
  • Beasaingo altzairutegiarekin jarraitzeko inbertsiorik egin nahi ez izatea egotzi dio enpresako zuzendaritzari sindikatuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko urriaren 13a

Trenen errodamenduetarako saila hornitzeko altzairutegiaren etorkizuna kolokan dago Beasaingo fabrika handian. Urtarrilaren 1etik ekoizpena etengo duela azaldu du enpresaren zuzendaritzak, merkatuko prezio baxu eta lehiakortasun arazoak direla-eta.

Hala, zuzenean 40 lanpostu galduko lirateke –zuzendaritzak azaldu duenez birkolokatu egingo lituzke langile horiek– eta azpikontrataturiko beste 7, LABen arabera.

Sindikatuak salatu du enpresak ekoizpena “kostu baxuko herrialdeetara eramateko erakutsitako presa” altzairuaren kasuan, eta nabarmendu du ez dela lehen aldia: “Lehen ere gauza bera gertatu izan da CAFen beste hainbat produkturekin”.

Informazio eta eztabaida faltari ere jarri dio azpimarra LABek. Azaldu duenez, zuzendaritzaren kalkuluaren arabera 15 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke altzairutegiaren etorkizuna ziurtatzeko, baina “enpresak ekoizpena kanpora aterata mozkin gehiago lortu nahi ditu. Horixe da arazoa”.

LABek zuzendaritzari exijitu dio enplegu duinaren aldeko apustua egin eta “prozesu bat zabaltzea egon daitezkeen aukera guztiak aztertzeko, ekoizpenaren dibertsifikazioa barru”.