Enpresak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako helegitea kendu du eta indemnizazio osoa ordaindu beharko dio 2008an amiantoagatik hil zen langilearen familiari.
Urte askotako borroka suposatu duen ibilbide judizialaren ondoren, Otsanda Tolosak epaitegietako sententzia irmoa jaso du: CAF enpresak 133.665 euro ordaindu beharko dizkio, frogatuta geratu delako bere aita Celestino Tolosa amiantoak hil zuela eta enpresa izan zela kutsatze horren arduradun.
2020ko urriaren 5ean Donostiako Lan Arloko Bigarren Epaitegiak indemnizazioa ordaintzera zigortu zuen CAF, amiantoaren aurrean bere langilea ez babesteagatik, baina honek helegitea jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Orain, enpresak atzera egin du eta helegitea kendu du, bere jarrera aldatzeko arrazoirik eman ez badu ere.
Kasua esanguratsua da, hil aurretik Celestino Tolosak birikak zientziarako eman eta izoztu egin zituztelako ospitale batean; hala frogatu ahal izan zuten, handik urte batzuetara, amiantoak hil zuela.
Otsanda Tolosak ARGIAri azaldu dionez pozik daude “aitari bere tokia eman diogulako eta egia lehenetsi dugulako denaren gainetik”. Era berean, sententzia honek amiantoaren beste biktimei lagunduko dielakoan daude. Adituen arabera hurrengo urteetan milaka kasu gehiago azaleratuko dira Euskal Herrian, eta Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak sarritan salatu du enpresak saiatzen direla euren erantzukizuna estaltzen.
Tolosak gogor kritikatu du CAFen jarrera epaiketetan, “aita errudun egitera jo dute, gaixotasuna berak sortu izan balu bezala”, azaldu dio elkarrizketa luze batean aldizkari honi.
Nolanahi ere, epaitegietako bidea amaitu bada ere, enpresak egindako kaltearen “aitortza morala” oraindik beharrezko ikusten du familiak, zauriak erabat ixteko.