argia.eus
INPRIMATU
CAF martxan jarriko da astelehenean, langileekin segurtasun protokolo bat adostu ondoren
  • Beasaingo CAFeko lantokiak hilaren 20an irekiko ditu ateak ia sei astez itxita egon ondoren. Enpresa Batzordeak zuzendaritzarekin akordioa lortu du "kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien saihesteko"  eta berreskuratu beharreko orduen inguruan. Itzulera mailakatua izango da.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 17a
Langileak segurtasun protokolo batekin itzuliko dira lanera, adostasunera iritsi eta gero (arg: LAB-CAF)

Gipuzkoako lantoki handienetako batek, trenak egiten dituen Beasaingo CAFek, astelehenean jarriko du berriz ere produkzio-katea martxan. Martxoaren 16an langileek euren aldetik lanera ez joatea erabaki zuten koronabirusak sortutako arriskua zela-eta. Enpresa Batzordeak segurtasun protokolo bat hitzartu du oraingoan zuzendaritzarekin.

LAB sindikatuak azaldu duenez, ostiral goizean lortu dute akordioa enpresarekin eta horren arabera itzulera mailakatua izango da. Lehenik lantokiko 4. sailako langileak itzuliko dira, baina egun berean ez, zatika baizik. Horrek sorturiko ordu desoreka on-line bidezko osasun prestakuntza saio batekin berreskuratuko dute.

Bestalde, bulegoetako ehunka langile etxetik aritu dira lanean orain arte eta hori bultzatuko dute hemendik aurrera ere.

Akordioak beste hainbat neurri zehazten ditu galdutako ekoizpen egunak nola berreskuratu, adibidez. Horrez gain, behin-behineko 100 langile kontratatuko dira eta goi karguek eta administrazio-kontseiluko kideek %5 jaitsiko dute euren soldata.

Segurtasun protokoloari dagokionez, higiene neurri iraunkorrak ezarriko dira, sarrera irteeretan, aldageletan, bainugeletan eta abar. Maskarak eta eskularruak erabiltzeko irizpideak ere zehaztu dira, eta beharrezko segurtasun tarteak uzteko neurriak ere hartuko dira.

Koronabirusagatik kutsatzeak gertatuko balira ere protokolo bat zehaztu da kontaktuak murrizteko, eta egoera zaurgarrian egon daitezkeen ehun langile inguru identifikatu dituzte zentzu horretan; horiei neurri bereziak ezarriko dizkiete.

Hori guztia azaltzeko, LABek afiliatuen batzarra egingo du modu digitalean ostiralean arratsaldeko 16:00etan.