argia.eus
INPRIMATU
CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik
  • Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.

A. Vierbücher Goierriko Hitza @goierriHitza 2023ko irailaren 01
Amiantoaren biktimen aldeko apirilean egin zen manifestazioa irudian.

Beasaingo CAF lantegiko laugarren dibisioko hiru nabe itxita daude, zortzigarren nabean amiantoa kentzeko lanak burutu ostean, ingurumen neurketak ez direlako zuzenak. Aireko amiantoaren maila legez baimendutakoa baino handiagoa da. Langileei hartu zaizkien «sei laginetatik lauk positibo» eman dute. CAF-eko enpresa batzordeak, kezka agertu du, «langileen segurtasun eta osasunagatik». Enpresako Zuzendaritzak batzordeari helarazi dionez «hiru nabeetan garbiketa sakona egingo da, lanera itzuli aurretik».

Informazio iturrien arabera, joan den asteazkenean, hilak 23, oporretako azken egunean, arratsaldeko azken orduan, enpresako zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zion, hurrengo egunean -hilak 24, osteguna-, Beasaingo lantegiko laugarren dibisioko zortzigarren nabean lan egiten duten pertsonek ezin izango zutela lanera joan, nabe horretan amiantoa kendu ondoren, osasunarentzat hain kaltegarria den material horren aztarna zegoelako. Legez baimendutakoa baino handiagoa zen neurketen emaitza.

Gaiaren larritasunaren aurrean, lehen bilera batean bildu ziren langileen ordezkariak eta enpresako arduradunak, non enpresa batzordeak,, «neurketa berriak, 7. eta 9. nabeetarako neurri gehigarriak, eta garbiketarako azpikontratatutako langileentzako segurtasun eta kontrol neurriak» eskatu zituen. Lantegiko pertsona guztien osasuna ziurtatu arte, jarduera bertan behera uzteko aukera ere mahai gainean jarri zuen batzordeak.

Enpresaren aldetik, langileen ordezkariek jaso zuten erantzuna izan zen «Osalanekin koordinatuta ari zirela eta jarraibide eta protokolo guztiak errespetatzen zituztela».

Neurketa gehiago

Langile guztien osasunarekin kezkatuta, enpresa batzordeak neurketa gehiago egiteko eskaera egin zuen, zuzendaritzarekin bildu zen hurrengoetan ere; langileei laginak hartzea eta tailerretako hainbat puntutan zegoen hautsa aztertzea kasu. Enpresak bere aldetik proba horiek egiteari «uko egin zion» langileen ordezkariek salatu dutenez.

Aldi berean, Osalanekin harremanetan ere jarri zen enpresa batzordea «zenbait neurriren inguruko kezkak eta desadostasunak azaltzeko». Osalanek, «gertatutakoaren berri bazuela eta enpresarekin harremanetan» zegoela adierazi omen zien.

Azkenik, astelehenean, zortzigarren nabeko langileei hartutako sei laginetatik lau positibo eman dutela-eta, enpresa zuzendaritzak batzordeari jakinarazi zion asteartean, datozen egunetan 7., 8. eta 9. nabeetako langile guztiak ezingo direla lanera joan, garbiketa sakona egin arte.

Langileen eskaera

Gertatutakoaren aurrean, enpresa batzordeak, «enpresako zuzendaritzak langileen segurtasunaren gainetik produkzioa lehenetsi» duela salatu du baita eta Osalanen «utzikeria» ere, eta «egoeraren arduradun nagusiak kargugabetzea» eskatu du. Bide judiziala ere aztertuko dute. Gainera, nabe horietan egon diren langile guztien arriskuaren aitortza , eta guneen segurtasun %100ean bermatu arte lanera ez itzultzea eskatu dute.