argia.eus
INPRIMATU
Ruben Sánchez (Gasteizko BDZ)
“CAF enpresa presionatu eta elkartasuna piztu nahi dugu dokumentalarekin”
  • CAF euskal enpresari esleitu diote Jerusalemgo tranbia eraikitzeko proiektua. Enpresako langileek enpresari eskatu zioten kontratuari uko egin ziezaion. CAFeko nagusiek aurrera egitea erabaki zuten, ordea. Egitasmoaren aurkako kanpaina piztu da Euskal Herrian, eta kanpainaren baitan Gasteizko BDZ taldeak (Israeli boikota, desinbertsioak eta zigorrak) eta Halabideok dokumentala egin dute elkarlanean: “Tranbia honi kolonia kiratsa dario”. Asteazkenean aurkeztuko dute, eta estreinaldiaren harira, Gasteizko BDZ taldeko Ruben Sánchezekin hitz egin du ARGIAk.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko otsailaren 04a
Argazkia: Dos Por Dos.

Asteazkenean Hala Bideorekin batera sortu duzuen dokumentala aurkeztuko duzue Gasteizen. Zer bilatzen duzue?

Oihu bat da, CAFek Jeruslamengo tranbia egin ez dezan. CAF presionatu eta elkartasuna piztu nahi dugu.

Dokumentala hiru galderen inguruan ardaztuta dago. “Zergatik da legez kanpokoa Jerusalengo tranbiaren proiektua? Nola eragingo die palestinarren bizi baldintzei? Nola eragingo lieke, aurrera aterako balitz, CAF enpresari eta hango langileei?”. Zeintzuk dira erantzun nagusiak?

Tranbia hori Jerusalem legez kanpoko koloniekin lotzeko eraiki nahi dute. Israelek etengabe elikatzen du kolonialismo ilegal hori: palestinarren lur eta ur putzuak lapurtu, kolonoentzako bakarrik diren azpiegitura berriak eraiki (zerbitzuak, errepideak, tranbia), apartheid-harresia... Okupazio hori legez kanpokoa da NBEren eta nazioarteko legediaren arabera. Palestinarrentzat umiliazio bat gehiago da, Palestinan okupaziorik gabe bizitzea ameskeria dela sinetsarazteko. CAFeko jabeentzat negozio erraza da, dagoeneko hainbat enpresa handik (Siemens, Alstom, Macquire eta Bombardier-ek) bertan behera utzi dute tranbia eraikitzeko asmoa, beraz, lehiakortasun gutxiko eta etekin handiko proiektua da haientzat. Zein da, baina, palestinarren apartheida areagotuko lukeen tranbia baten prezioa? CAF ez dira soilik CAFeko jabeak, CAF haren langileak dira, CAF harentzat lan egiten duten enpresak dira, CAF hura babesten duen Jaurlaritza da. Nolabait, CAF gu euskaldunok gara borroka honetan. Pentsatu nahi dugu euskaldun gehienok ez gaudela "Apartheid tranbia" hori eraikitzearen alde, ez CAFek, ez inork.

“Itzal handiko” pertsonen iritziak jaso dituzuela azpimarratu duzue. Izen batzuk aurreratzerik?

Dokumentalean parte hartzen dute, besteak beste, Eran Efrati militar ohi israeldarrak, Jamal Jumak (Stop the Wall), Amaia Elorzak (Badil Center), Liliana Córdovak (Judutar Antisionisten Sarea), Loreto Larunbek (EITBko kazetaria), Fermin Muguruzak...

Oihartzun handia izan zuen CAFeko langileen ez-ohiko jarrerak, enpresari eskatuz proiektuari muzin egin ziezaion. Nola baloratzen duzue jarrera hori?

Itxaropen su bat da jarrera hori, ez da erraza lantegi barrutik hori adieraztea. Zorionez, langile horiek bat egin dute langile klase palestinarrarekin, esan diete: “Guk ez dugu zuen lurra gehiago pitzatuko duen tranbia hori eraikiko”. Hori da elkartasun internazionalista. Zer ederra litzatekeen munduan herritar gehiagok jokatuko bagenu modu horretan.

Nola edo zer norabidetan uste duzue bideratu behar dela proiektu honen aurkako lana Euskal Herrian?

Langileek eman dute lehen pauso handi bat. Orain herritarroi eta eragile sozio-politikooi dagokigu Euskal Herri osoan zehar elkartasun borroka honen alde antolatzea. Denon ardura da.

Zein da egoera egun Palestinako gatazkan? Trumpek “gatazka behin batiko amaitzeko” proposamena aurkeztu berri du.

"Gatazka"-ren ordez jarri "Palestina" eta hori da Trump eta Israelek proposatzen dutena: Palestina akabatzea. Jarrera hori beti existitu da sionismoaren barruan, koiunturaren arabera azkartu edo mantsotzen dute eta orain azeleratzen ari dira. Trumpek ahoan bilorik gabe eman die abisu palestinarrei: Hau da zuen azken aukera, edo onartu, edo are okerragoa izango da.