Irungo bigarren Instrukzio Epaitegiak zigortu egin du Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren kasuko akusazio partikularreko abokatu Mario Diez (Cabezudo salatu duten biktima gehienen abokatua da), Ana Isabel Perez Asenjo epailearen ohorearen aurkako akusazioak egin izanagatik, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera.
Besteak beste, epaiaren arabera, Twitterreko Gipuzkoa Konfidentziala kontuko txio bat baliatu zuen Diezek, “iruzkin maltzurren” eta “iraingarrien” bidez akusazioa “oso larriak” zabaltzeko, hala nola, magistratuak “bi alderdi politikoren arteko itun batean parte hartuko zuela, ustezko pederastia trama bat isilarazteko”. Halaber, “zalantzan jarri zuen Perez Asenjoren funtzio judiziala instruktore gisa”; izan ere, “egia falta da, prozesu jarduketekin jolasten da errealitatea ezkutatuz” eta “desitxuratuz”, “bi prozedura nahastuz” modu “deliberatuan”, eta hori, gainera, “jardunean” zegoen abokatua izanik, “gaiari buruzko ezagutzekin” eta “egia huts egiten ari zela jakitun” zela.
Diezek ez du epaiari buruzko ezer esan momentuz publikoki, baina Twitter sare sozialaren bidez gogorarazi du hilaren 23an estreinatuko dutela Disney Plus plataforman Cabezudo kasuari buruzko dokumentala, eta hilaren 25ean hitz egingo duela esan du.