Iñigo Gogoan ekimenaren bitartez, 20.000 sinadura lortu dituzte Cabacasen senideek eta lagunek, auzia argitzeko eskatuz eta Ertzaintzako buru Jorge Aldekoa postutik kentzeko.
10.000 atxikipen batzea aurreikusi zuten ekimena hasi aurretik. Dena den, hilabete bakarrean zifra beteta zutela ohartuta, babes bilketari eutsi diote.
Sinatzaileen aniztasuna nabarmendu dute kolektiboko lagunek, prentsa ohar batean: “Jakin badakigu sinatzaileen artean ideologia eta alderdi ezberdinetako herritarrak, pertsona publikoak, eliteko futbolistak edota ertzainak egon badaudela”.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediarekin eta Segurtasun Batzordearekin “premiazko bilera” eskatu dute orain, sinadurak eskura eman asmoz.
“Lehenbailehen” paratu nahi dute hitzordua: "Denbora pasatzeak kalteak besterik ez ditu eragiten kasua argitu eta justizia ahalbidetzeko bidean".
Urtarrilaren 22an, asanblada irekia
Auziaren nondik norakoen berri emateko asanblada irekia deitu dute, urtarrilaren 22an, 19:00etan Bilboko Zirika Gunean. Norbanakoei eta eragileei luzatu diete parte hartzeko gonbitea.