argia.eus
INPRIMATU
Cabacasen heriotza ekarri zuen operatiboko arduraduna Ertzaintzako buru
  • Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak berri eman duenez Jorge Aldekoa izanen da Ertzaintzako buru berria.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 26a
Jorge Aldekoa, IƱigo Cabacasen heriotza ekarri zuen operatiboko arduradun nagusia Ertzaintzako buru izendatu dute. (Argazkia: EFE)

Jorge Aldekoa Ertzaintzaren Bilboko polizia etxe nagusiko burua izan da orain arte. 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen pilotakadaren operatiboko arduraduna izan zen.

Berriak ezinegona piztu du Cabacasen senide eta lagunen artean, baina Beltran de Herediaren ustez, Aldekoa da “garai berrietako” Ertzaintza zuzentzeko pertsonarik egokiena.

Hamar hilabete iraun dituen hausnarketa prozesuan erabaki da Ertzaintzako arduradun nagusiaren izendapena. Hortaz, Segurtasun sailburuaren iritziz izendatze horrek ez luke polemikarik sortu behar.  

Segurtasun Sailaren txostenak jasotzen du Ertzaintzaren buru berria izanen denak esperientzia handia duela, lanpostu horretarako kualifikatua dagoela eta “Ibilbide profesional bikaina” duela.

Ertzaintzaren lehen promozioko kidea da eta hainbat ertzain etxe zuzendu ditu. Horren ostean, Bizkaiko lurralde burua eta Ertzaintzaren Herritarren Segurtasuneko burua izan da. Horregatik guztiagatik Ertzaintzako arduradun nagusia izateko ezaugarri guztiak betetzen dituela nabarmendu du Beltran de Herediak.

Erandioko Ertzaintzaren egoitza nagusian egindako agerraldian aurkeztu dute Cabacas auziaren inguruko aipamenik biltzen ez duen txostena. Eta aurkezpenean bertan gaiari buruz hitz egitea sahiestu dute.

Kazetarien galderen aurrean honakoa erantzun dute sailburuek: “Gure ustez, ez dauka inolako erantzukizunik han gertatu zenarekin, eta guk uste dugu Jorge Aldekoa dela pertsonarik egokiena aurrean dauzkagun erronkak eta helburuak lortzeko”.