Akusazio partikularra zuzentzen duen Jone Goirizelaia abokatuak launa urteko espetxe zigorra eta seina urteko gaitasungabetzea eskatu du hiru ertzainentzat, "gomazko pilotak zuzenean tirokatzea agindu edo baimentzeagatik eragindako zuhurtziagabekeriazko hilketa profesional larriagatik".
Iñigo Cabacasen senideek launa urteko kartzela zigorra eskatu dute auziperatutako hiru ertzainentzat. Salatzaileen idatzia Ana Torres epaile izapidegileak jaso du dagoeneko. Salaketak, hiru ertzainak, ofizial bat eta bi ofizialorde, zuhurtziagabekeriazko hilketa profesional larriaren erruduntzat jotzen ditu eta seina urteko gaitasungabetzea eskatzen du. Horrekin batera, hiru poliziei Cabacasen gurasoenganako urruntze agindua ezartzeko eskakizuna egin du “zigorra bete bitartean”.
Akusazioaren arabera, hiru ertzainek “gomazko pilotak zuzenean tirokatzea agindu edo baimendu zuten”.
Bizkaiko Probintzia Auzitegian bilera egingo dute gaur akusazio partikularrak eta defentsak aurkeztutako errekurtsoei buruz eztabaidatzeko. Gainera, auzitegiak erabaki bat hartu beharko du Cabacasen familiaren abokatuak, gomazko jaurtigaiak botatzeagatik beste hiru ertzain epaitzeko aurkeztutako eskaeraren gainean.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra