Ertzainek protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean ErNE, ELA eta Sipe sindikatuek deituta. Eusko Jaurlaritzari lan baldintzak hobetzea galdegiteaz gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu eta Iñigo Cabacasen familiaren abokatu Jone Goirizelaiaren aurkako mezuak oihukatu dituzte.
Berrehun ertzain inguru —gizonezkoak gehienak— Segurtasun sailburuaren eta ertzain batek hil zuen Iñigo Cabacasen familiaren abokatuaren auka oldartu dira osteguneko protestan. Txistuka hartu dituzte Estefania Beltran de Heredia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako gainerako sailburuak, Legebiltzarrera sartzera zihoazela.
Inocencio Alonso ertzaina bihotzekoak jota hil zen otsailaren 22an Athletic eta Moskuko Spartaken arteko partiduko dispositibo berezian lanean ari zela, eta horren harira abiatu dira protestak. Roberto Seijo ErNEko idazkari nagusiaren arabera, “indarkeriazko heriotza izan zen”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren lan baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu ezean, martxoaren 12tik 19ra osasun-bajak hartzeko kanpaina bat abiatuko dutela adierazi dute agenteek. Sindikatuek "lanera joateko moduan ez dauden agenteei" medikuarenera joan eta baja hartzeko eskatuko diete. Esana beteko balute, martxoaren 15ean jokatuko den Athletic eta Olympique Marseilla gizonezko futbol taldeen arteko partiduko segurtasun neurriei eragingo lieke.