argia.eus
INPRIMATU
Cabacas hil zuten piloten erregistrorik ez dago
  • Iñigo Cabacas hil zuen karga polizialeko materialaren erregistrorik ez dago, Garak jakinarazi duenez. Ertzaintzak derrigorrezko protokolo zorrotzak bete behar ditu, agente bakoitzari ematen zaizkion tresnak dokumentatuz, eta erabiliz gero arrazoiak zehaztuz.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 22a
Ertzaintzak materialaren erregistro protokolo zehatza bete behar du (eitb.com)

Baldintza horiek Ertzaintzaren “Polizia Eskuliburuan” argiak badira ere, 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacas hil zuen kargaren erregistrorik ez da inon agertzen. Informazio horrek gertatutakoa argitzeko balioko luke, gomazko pilotak nork eta zergatik erabili zituen azalduko lukeelako.

Poliziaren arautegiaren arabera, gomazko pilotek eta eskopetek berezko zenbakia dute, eta erregistroan ageri behar da zein agenteri ematen zaizkion. Halaber, pilotak zigilatutako poltsetatik ateratzen badira, patruila arduradunak arrazoiak zehaztu behar ditu.

6 ertzain alboratuta                                     

Cabacas auzia dela eta, 6 ertzain alboratu ditu Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak. Naizek eta Info7k argitaratutako grabazioak direla eta, inplikatutako agenteen “ohiko lana baldintzatuko dela” argudiatu du Ertzaintzak zabaldutako prentsa oharrak.

Azpimarratu du Ertzaintzak bere “ekintza protokoloak berrikusi, baliabide materialak aldatu eta ekintza hezitzaileak birdiseinatuko dituela”, Cabacasen “akats konponezinarengatik”. Dena den, nabarmendu du epaileak bakarrik zehaztu dezakeela gertatutakoa eta haren esku daudela etor litezkeen inputazioak.