argia.eus
INPRIMATU
Cabacas hil zuen operatiboko buruak hildakoaren familiari 777.000 euro eskatu dizkio
  • “Ugarteko” ezizena erabiltzen du Iñigo Cabacas gaztea hil zuten egunean Ertzaintzaren operatiboko buru zen pertsonak. Berak eskatuta, joan den ostegunean Bilboko 13. Instrukzio Epaitegian adiskidetze-ekitaldia egin zuten: “Ugarteko”k 777.000 euroko kalte ordainak eskatu dizkie Cabacas familiari, Garari eta Naizi.

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 22a
IƱigo Cabacasen aldeko manifestazio jendetsua Bilbon. Hil zuten egunean ertzainen buru ari zen pertsonak familiari 777.000 euro eskatu dizkio orain.

Cabacas hil zuten gauean Ertzaintzaren barne-zirkuitutik emandako aginduak argitaratu zituzten Garak eta Naizek eta “Ugarteko”ren arabera, “modu partzialean” eman zituzten, egunean gertatu zenaz bestelakoa den gertakarien segida aurkeztuz.

"Ugarteko" bere izen-abizenez idenfitikatu izana ere leporatu die egunkariari eta hedabide digitalari. Agentearen abokatuak dioenez, hori egitea etengabe zigortu izan dute epaitegiek. Hedabideok agentearen NAN zenbakia ezagutzen zutela argitaratu izana "mehatxu" gisa hartu zuen "Ugarteko"k, haren abokatuaren arabera.

Gainera, ertzaina kexu da Iñigo Cabacasen aitak 2014an Naizi eskainitako elkarrizketa batean “Ugarteko” oraindik kartzelan ez egotea deitoratu zuelako. Kexu da, halaber, Jone Gorizelaiak, Cabacas familiaren abokatuak, "Ugarteko" bere polizia zenbakiarekin identifikatu zuelako.

Agentearen abokatuak Goirizelaiaren kontra egin du, hedabideen aurrean halako adierazpenak ez lituzkeela egin behar esanez.

Bere postutik kendu zuten

Aipatutako informazioak publiko egin ondoren oihartzun handia izan zuten Euskal Herriko hedabideetan, baita Espainiako Estatuan ere. Horren ondoren Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kargutik kendu zituen operatiboan parte hartu zuten lau ertzain, baita “Ugarteko” bera ere.

Ertzainak azaldu duenez, horren guztiaren ondorioz tratamendu psikiatrikoa eta psikologikoa jaso du hemezortzi hilabetez eta “kalte pertsonal eta moralak” eragin zaizkio. “Aisialdirako gaitasuna” ere galdu duela dio jarritako salaketan. “Bere buruarengan konfiantza galtzea”, “isolamendu soziala” eta “bere izena ahots goran entzutean antsietatea” jasaten dituela dio, besteak beste.

“Kalte” horietan oinarrituta eskatzen dizkie bere agindupean egindako operazioan hil zuten Iñigo Cabacasen familiari, Garari eta Naizi 777.000 euro. Familiak eta hedabideek ez zuten eskatutakoa onartu eta Ertzaintzako kideak bide judizialari eusteko aukera irekita geratu da, Iñaki Iriondok asteleheneko Garan argitaratu duenez.