argia.eus
INPRIMATU
Cabacas auziko epaiaren “injustizia” salatu dute Bilbon
  • Cabacas kasuko auziperatuen “inpunitatea hautsi” eta berriz horrelako gertakaririk ez izatea bermatu behar dela azpimarratu dute manifestariek. Justizia egiteko borrokan jarraituko dutela ere adierazi dute.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 17a
Argazkia: @antifaxismoa

4.000 lagun inguru bildu dira Bilbon, Justizia Iñigorentzat dinamikak iganderako antolaturiko manifestazioan. Sei urte eta erdi daramatzate Iñigo Cabacasen senide eta lagunek auzian “justizia” egin, familiari beharrezko erreparazioa eman eta berriz horrelakorik ez gertatzeko eskatzen.

Koldo Gutierrez eta Eneritz Zabala plataformako bozeramaileek irakurritako komunikatuan, auziaren epaiak beren salaketak puntuz-puntu berresten dituen arren, “inpunitatearen zapore garratza” utzi duela nabarmendu zuten. Cabacas auzian Ertzaintzako buru Jorge Aldekoak bakarrik dimititzea “eskandalu” bat dela ere salatu dute bertan.

Iñigo Cabacas hil zuten gaueko operazio polizialean Ugartekok agintzen zuela “argi” izanik akusatuen aulkien eseri ere ez dela egin, gaitzetsi dute plataformako kideek. Ugartekorekin batera, Estefania Beltra de Heredia, eta Ertzaintzan eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean erantzukizuna duen ororen dimisioa eskatu dute.

Justizia Iñigorentzat dinamikatik jendearen babesa eskertu eta eredu polizialaren inguruan eztabaidatzeko beharra azaldu dute.