argia.eus
INPRIMATU
Cabacasen auziaren epaiari helegitea jarriko dio defentsak
  • Ostegunean eman zuen epaia Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaiak. Iñigo Cabacasen guraso, senide, lagun eta kasuko abokatuek jakinarazi dute Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko azaroaren 30
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak auzipetutako ertzain bat zigortu eta gainontzeko bostak absolbitu zituen epaia eman eta biharamunean, Cabacasen senideek eta kasua daramaten defentsa abokatuek prentsaurrekoa egin dute Bilbon. Epaiaren irakurketa juridikoa egin dute, baita epaiaren balorazioa eta aurrera begira dituzten asmoak argitu ere.

Jone Goirizelaia abokatuak hartu du hitza lehenik, epaiaren balorazioa egiteko. Adierazi duenez, beren eskakizunetako bat izan da epaiak aitortzea zehazki zer gertatu zen. Horri dagokionez balorazio positiboa egiten dute, egia juridikoa eta gertakariak, hein handi batean, bat datozelako. Aspektu hau azpimarratzearen garrantziaz mintzo izan da, adieraziz epaiak jaso egiten duela 2012ko apirilaren 5eko gau hartan Ertzaintzak hartutako neurriak ez zirela beharrezkoak izan, ezta proportzionalak ere, eta hartu ziren erabaki okerren ondorioz gertatu zela Iñigoren hilketa. Hau guztia nabarmendu beharra adierazi du, bere hitzetan, orain arte toki askotan eta hainbat pertsonaren ahotan dabiltzanak kontuan izanik.

Azpimarragarria iruditzen zaie nola baloratu duen epaiak Ertzaintzaren lana. Poliziaren esku-hartzea egokia izan ez zela eta gauzak beste era batera egitea posible zela argi utzi du, Ertzaintzak gauzak ongi eginez gero ardura norena den zehazteko datuak egongo liratekeela ulertzera emanez.

“Guk beti planteatu nahi izan duguna da epaiketa honetan ez daudela denak (…) eta goian (karguetan) zeudenek ere ardurak dituztela”, jarraitu du abokatuak, beraien borroka luzea ildo horretatik joan dela nabarmenduz. Gehitu du sententziak onartu egiten duela gertakariaren arduradun guztiak ez direla epaiketan egon, eta horrek ikerketa bide bat erakusten duela.

Epaiak ezarritako zigorra beraiek eskatzen zutenaren aldean txikia izanik, guztiz pozik daudenik ezin daitekeela esan aitortu du Goirizelaiak. Hala ere, epaia aztertu ostean, Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea jartzeko asmoa dutela berretsi du, bide horretatik gauza asko jorratzeko aukera dagoela baiteritzote.

Arduradun politikoei interpelazioa

Manu Cabacasek, Iñigo Cabacasen aitak, aurrena eskerrak eman dizkie sei urte hauetan babesa eta laguntza eskaini dizkieten guztiei. Gaur artekoa “oztopoz betetako bidea” izan dela adierazi du, eta laguntza barik heldu diren tokira heltzea ezinezkoa litzatekeela gehitu du.

Eskerrak eman ostean, hainbat arduradun politiko interpelatu ditu. Garai hartan Barne sailburua zen Rodolfo Aresi zuzendu zaio. Ustezko istiluak izan zirela esanez, sailburua arreta desbideratzen saiatu zela salatu du. Orain epaiak argi utzi du istilu horiek ez zirela inoiz gertatu. Horren aurrean, "azalpenik emango al digu Ares jaunak ?”.

Iñigo Urkullu, Estefania Beltran de Heredia eta Jonan Fernandezi zuzendu zaie ostean, eta “mesedez epaia irakurtzeko” eskatu die, hainbat konturen gainean arreta jartzeko: Ertzaintzak oker esku-hartu zuela, frogak ezkutatu dituztela, epaiketaren hasieratik gezurra esan dutela, eta ardurak saihesten aritu direla, besteak beste. “Azalpenik emango digute Ertzaintzaren operazioaren inguruan?”, galdetu du. Eusko Jaurlaritzako abokatuez ere hitz egin du: “Gertatu zena sei urtez justifikatzen ahalegindu dira”.

Fiskaltza ere izan du hizpide Manu Cabacasek, eta bereziki kasua eraman duen fiskala. Sei urtetan frogarik eskatu ez eta jarrera pasiboa erakutsi duela salatu du, eta galdegin nola den posible deliturik ez dagoela esatea, epaileek ere delitua egon badagoela diotenean. "Azalpenik ez al du eman behar?”, dio Cabacasek.

Urkulluk, Beltran de Herediak eta Fernandezek “engainatu” egin dituztela adierazi du, eta beraien jokaeraren zergatia jakin nahiko lukeela adierazi: "Zergatik tratatu gaituzte hain gaizki? Ez al gara denok maila bereko herritar?".

Azkenik, seme bakarra zuten Iñigori hala zor diotela uste dutelako, orain arteko borrokari eutsiko diotela nabarmendu du.