Iñigo Cabacasen hilketaren gaineko epaiketa martxan da urriaren 15etik. Gaztearen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren operatiboan parte hartu zuten auzipetutako agente gehienen testigantzak eta lekukoenak kontrajarri egin dira gaur arteko saioetan.
2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada baten ondorioz hil zen Iñigo Cabacas Liceranzu, zauritua izan eta egun gutxitara. Sei urte eta erdiren ostean, hilketaren gaineko epaiketa martxan da Bilboko Justizia Auzitegian. Urriaren 15ean hasitako epaiketak azaroaren 9ra arte iraungo du, eta epealdi horretan egingo diren hamalau saioetan ehun testigu baino gehiagok deklaratuko dute. Cabacasen familiak eta Iñigo Gogoan plataformak salatu dutenez, baina, hilketaren arduradun guztiak ez dira eseriko akusatuen aulkian, Ugarteko goitizenez ezaguna den ertzaina kasu, egun hartako polizia operazioaren kargu zegoena. Epaiketaren herena burutua den honetan, ez datoz bat auzipetutako agenteen gehiengoak defendatutako bertsioa eta hainbat testiguk emandakoa.
“Zuhurtziagabekeria larrizko hilketa” delituagatik akusatutako sei ertzainen deklarazioekin eman zitzaion hasiera epaiketaren lehen saioari urriaren 15ean. Agenteetako hiruk arduraren bat izan zuten Cabacasen heriotza eragin zuen polizia operazioan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu dute. Gomazko pilotak jaurtitzen dituzten fusilak erabili zituzten agenteak gehiago izan baziren ere, ez dira identifikatuak izan eta ez dituzte epaituko.
Testigantzak kontrajarriak eman zituzten auzipetutako ertzainek: gehienen arabera polizia operatiboa “zuzena eta egokia” eta jende andanaren aurrean “kontrola hartzeko modu bakarra” izan zen, baina operatiboko maila gorena zuen agente ohiak ez zuen bertsio horrekin bat egin. Honen arabera, operatiboan parte hartu zuen taldeak apenas zuen eskarmenturik gomazko piloten erabilerari dagokionez, eta fusilen erabileraren gaineko jakintza barik aritu ziren. Hainbat agentek gomazko pilotak heriotza eragin dezaketenik ez zekitela aitortu izana horren adierazle. 13. eta 14. zenbakidun furgoneten arduradunek, beraien partetik, gezurtatu egin zuten esperientziarik gabeko taldea zirela esanez ofizialak esandakoak.
Gehiengoaren bertsiotik aldendu den ertzainaren arabera, bera ez zen plazan sartzearen aldekoa, baina Deustuko (Bilbo) egoitzan zegoen operazio buru Ugartekoren aginduetara egonik, hala egin behar izan zuen. “Ni ez nintzen sartzearen aldeko; niregatik izango balitz, alde egingo genukeen”, adierazi zuen. Hala ere, berau zen kalean gertatzen zenaren gaineko arduraduna eta ondorioz poliziaren kargak eragotzi zitzakeena. Ez zela horretarako gai izan adierazi du, “denari adi” egotea ezinezkoa izan zitzaiolako. Egun hartan ofizial gisa aritu bazen ere, gertakarien gaineko erantzukizuna bere gainetik zeuden arduradunengan dagoela eman zuen ulertzera.
Lehenengo saioan goi-karguak zeharka aipatuak izan ondoren, urriaren 17an egindako epaiketaren hirugarren saioan Jorge Aldekoa ertzainburuak bere teilatura jaurtitako erantzukizunaren pilota bueltan jaurti zion operazioko ofizial gisa deklaratu zuen auzipetutako agenteari. Honen aburuz, "tokian tokiko informazioa duen agintariak" hartu behar ditu momentuko erabakiak, polizia etxetik datozen aginduak edozein izanda ere. Horrez gain, Ertzaintzaren agenteak halako esku-hartzeak burutzeko prestatuta daudela adierazi zuen.
Ertzainen sindikatua den Ernek, kontrara, “buruzagitza politiko eta poliziala” jarri du jo-puntuan publiko egindako ohar batean. Sindikatuaren hitzetan “arduradun nagusiak ez dira ia inoiz egoten ekitaldiak koordinatzen” eta hurrengo galdera aireratu du: “Eta orain, nork eseriko ditu aulkian benetako arduradunak?”.
2010an Arkauteko ertzain-akademiako zuzendaria zen eta egun Ingurumen saileko kontseilariordea den Elena Morenok ere deklaratu zuen hirugarren saioan, akademiako formakuntzak ertzainei tiro egiten erakusten diela defendatuz.
Urriaren 16, 17, 22 eta 23an egindako saioetan testigu gisa deklaratu duten hainbat hiritarrek emandako bertsioek antzekoa diote: poliziaren oldarraldia justifikatzen zuen gertakaririk ez zela eman, ertzainek abisurik gabe ekin ziotela kargari, aurrez aurre eta jendea “jotzera” tirokatu zutela, Cabacas zauritu ostean jendearen anbulantzia eskakizunei entzungor egin zietela agenteek, eta laguntza eske hurbildutako jendearen kontra indarkeria erabili zela. Honako bertsio honek bete-betean egiten du talka ertzainen gehiengoaren kontakizunekin.
Hiritarren deklarazioetatik nabarmentzekoak dira istiluan ondotik igaro zen autobus bateko gidariak eta Cabacas artatu zuen erizainak egindakoak. Lehenak, momentu hartan autobus barruan bidaiaririk ez zela adierazi zuen, naiz eta Ertzaintzak honen baitan zeuden bidaiarien ongizatea bermatzeko tiro egin zutela argudiatu. Bigarrenak adierazi zuen ertzainei anbulantzia eskatu arren jaramonik ez ziotela egin, eta horren aurrean larrialdi zerbitzuei deitu ziela. Anbulantzia etorri arteko denbora amaigabea egin zitzaiola aitortu zuen, eta anbulantzia heldu zenean hainbeste denbora behar izatearen zergatiaz galdetu zuenean, ertzainek ez zietela sartzen utzi erantzun ziotela gaineratu.
Urriaren 24ko asteazkenarekin ekin diote epaiketaren seigarren saioari. Bertan deklaratuko duten ertzainekin batera arituko da lekuko gisa deitu duten Ugarteko ere, operazioa zuzendu zuen polizia agentea eta “kalexkan sartu, daukagun guztiarekin” agindua eman zuena. Honek ere egun hartan operazioko maila gorena zuen auzipetutako ertzainari –eta egun hartako esku-hartzea kritikatu duen bakarrari– leporatu dio gertakariaren erantzukizuna: “Ofizialak esan zidan ez zirela parte hartzen ari. Ni soilki saiatu nintzen ofiziala furgonetatik jaits zedin. Nik ez nion esan eskopeta edo txilibitua erabili behar ote zuen".
Iñigo Gogoan plataformak deituta eta Ugarteko akusatuen artean ez dagoela salatu asmoz, elkarretaratzea egin dute asteazken goizean, saioari ekin aurretik. Cabacasen familia eta lagunekin batera agertu dira begirale gisa aritzera Herrialde Katalanetatik etorritako Laia Serra abokatua eta Carles Guillot Stop Bales de Goma plataformako kidea.