argia.eus
INPRIMATU
C. Tanganaren kontzertua bertan behera utzi du Bilboko Udalak
  • Ohar baten bidez jakinarazi du udalak erabakia, Madrilgo abeslariaren "letra matxistek" piztu duten kontrakotasunari erantzunez. Bilboko Udalari kontzertua bertan behera utz dezan eskatzeko sinadura bilketak milaka babes jaso du ordu gutxitan. EH Bilduk eta Podemosek debekuaren alde egin dute. Berriz ere eztabaida piztu da adierazpen askatasunaren mugen inguruan.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 09a

Sinadura bilketa ostegun goizean hasi zen, Change.org atarian. "benetan nahi al duzu Bilboko Udalak zure diruarekin tipo honi ordaintzea?", galdetzen dute atarian. Sinadura bilketak Madrilgo C. Tangana musikariaren kontzertua bertan behera uztea eskatzen du, "emakumeentza mespretxuzkoak diren letra matxista eta patriarkalengatik". 24 ordutan 14.000 sinadura baino gehiago jaso du eskariak. Madrileko rap kantariaren letretako batzuk zabaldu dituzte sinaduraren sustatzaileek:

Bilboko Podemos eta EH Bildu talde politikoek kanpainaren alde egin dute. EH Bilduko zinegotzi Jone Goirizelaiak adierazi du kontzertua bertan behera uztea ez litzatekeela "askatasun artistikoaren ez adierazpen askatasunaren kontra" egitea: “Emakumeak eta bere eskubideak errespetatzen diren gizarte bat nahi badugu, ezin dugu hizkuntza sexistarekin beteriko ekitaldiak ahalbidetu, zuzenean emakumeen eskubideen kontra doazelako". Podemosek adierazpen askatasuna "errespetatzen" duela esan du, baina "argi eta garbi matxistak, sexistak, homofoboak edo arrazistak" diren mezuen aurka dagoela.

Sare sozialetan eztabaida piztu da, adierazpen askatasunaren mugen inguruan. Kontzertua mantentzearen eta debekatzearen aldeko jarrerak asko dira. Musikari batzuk ere adierazi dute haien jarrera, Fermin Muguruza tartean:

 

 

Berri hau idazteko orduan, Bilboko mugimendu feministak ez du iritzi publikorik eman gai honen inguruan.

C. Tanganaren ordez Puerto Ricoko Pedro Capó musikariak joko duela iragarri du Bilboko Udalak.