Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko hiriburuko Santana 27 aretoan joko duela iragarri du musikari madrildarrak. Larunbat honetan izango da, abuztuak 24, eta kontzertua doan izango dela iragarri du.
Polemikak bizirik jarraitzen du: C. Tangana trap musikari madrildarraren zenbait kantaren hitzak matxistak zirela iritzita, Bilboko Udalak bertan behera utzi zuen Aste Nagusian ematekoa zen kontzertua, zurrunbilo mediatiko baten erdian. Change.org plataforman 15.000 sinadura baino gehiago jaso ziren kontzertu hori bertan behera uzteko eskatuz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere bat egin zuten eskariarekin eta abuztuaren 9an iragarri zen kontzertu horren ordez Pedro Capóren bat sartuko zutela egitarauan.
Bazirudien gaia amaituta zegoela. C. Tangana isilik egon da geroztik, baina aste honetan berragertu da sare sozialetan. Bi mezu argitaratu ditu: lehenbizikoan, “eskerrik asko egun hauetan nire alde agertu zareten guztioi”, esan du; bigarrenean berriz, “zentsuratzea eta debekatzea ez da inor hezteko modua”. Bigarren mezu hori polemika eragin duen kantetako baten bideoarekin batera argitaratu du, Pop up your pussy.
Eta ondoren, “zentsura instituzionala” salatzeko kontzertua iragarri du: larunbat honetan izango da Santana 27 aretoan. Sarrerak doan eskuratzeko aukera jarri du Notikumi.com webgunearen bitartez eta denbora gutxian agortu dira –musikariak azaldu duenez, egunean bertan txarteldegian sarreraren bat eskuratzeko aukera izango da–.
“Nire musikan emakume asko dago, bai nire hitzetan, baita bideoetan ere. Ez dut emakumearen irudi bat proiektatzen, irudi asko baizik”, idatzi du musikariak kontzertua iragartzeko Instagramen argitaratu duen mezuan. Berak egindako musika entzuten duten emakumeak ere feministak direla gaineratu du eta musikan “kaka asko” dagoela. “Ez dut musika egiten inor hezteko. Pentsatu zure kabuz”, irakur daiteke mezu berean.