argia.eus
INPRIMATU
BVE eta GALen biktimei diru-laguntza ukatzeak ez du Europako Hitzarmena urratzen, Estrasburgoren arabera
  • Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiako Gobernuak GAL eta BVEren biktimei diru-laguntzak ukatzeak ez duela zalantzan jartzen hauen "errugabetasun printzipioa", eta hortaz, ez duela urratzen Europako Hitzarmenaren 6. artikuluan azaltzen dena. Hala, senideek jarritako salaketa ez du aintzat hartu.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 18a
Estrasburgoko auzitegia

Espainiak Gobernuak diru-laguntza ukatu zien estatuaren gerra zikinaren ondorioz hildako familiarrei, ETAko kideak zirelakoan. Baina hildakoak ez ziren sekula epaituak eta terrorista gisa kondenatuak izan, egindako ustezko delituengatik. Hala, GAL eta BVEren hamar biktimen senideek Estrasburgora jo zuten, euren errugabetasun printzipioa auzitan jartzen zuelako erabaki horrek.

Giza eskubideen auzitegiak ebatzi du kalte-ordainak ukatzearekin Espainiak ez duela urratzen Europako Hitzarmena eta ez du aintzat hartu salaketa. Hala ere, Estrasburgok ez du iritzirik eman biktima horiek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea duten ala ez deliberatzeko orduan.

Espainiak 2011ko biktimen legea erabili du diru-laguntzak ukatzeko; horren arabera estatuak ez ditu zertan indemnizatu talde terroristan parte hartu izan duten kide edo senideak. Baina, Estrasburgon salaketa jarri duten biktimen artean ez dago ETAkoa izateagatik epaitutako inor.

Europara jo aurretik, auzia Espainiako Konstituzio Auzitegian eztabaidatu zen eta tribunaleko bi epailek boto partikularra eman zuten, haien iritziz ere ez zegoelako frogatuta biktimak ETAko kideak ziren ala ez.