argia.eus
INPRIMATU
Busturialdeko 18 grebalari epaitegian
  • Fiskalak akusatuentzat 3 eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatzen du 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernika-Lumon izandako gertakari baten harira.

Josu Urtubia @otxua 2013ko urtarrilaren 10
Urtarrilaren 27ko Greba Orokorreko irudia. (Irudia: bilbokobranka)

Arkaitz Zarraga, akusatuetako bat, epaitegira sartu aurretik Info7 Irratian izan da: “Ez dakigu zer leporatzen diguten, akusazioak ez duela ez frogarik aurkeztu eta testigu bezala komisaldegian zeuden bi polizia soilik aurkeztu dituzte”.

Sindikatuek azaldu dutenez, ogi banatzaile batek salaketa jarri zuen ogia banatzen ari zela bere autoak kalteak jasan zituelako. Orduan Ertzaintza bertara inguratu eta “pasa zen lehen pikete informatiboa gelditu eta 18 kide identifikatu zituzten”.

Arantza Fernandez de Garaialde EILASeko kideak, herenegun prentsaurrekoa eskaini zuen ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen izenean. Bilboko Branka atariak jaso dituen adierazpenetan irakur daitekeenez, “kriminalizazio  prozesu iraunkor bat” jasaten ari direla salatu zuten, “krisi garaian hartu dugun jarrera” dela eta.

Prozesu judizialarekin gizartea “desmobilizatu” nahi dutela azaldu zuen Fernandez de Garaialdek.