Joan den abenduan Buruntza mendiaren tontorrean zegoen gurutze frankista handia eraitsi ondoren, ikurrina erraldoia paratu du toki berean Andoaingo gazte talde batek. Ernaik aldarrikatu zuen abenduko ekintza, eta horren ondorioz antolakundearen ordezkaria epaitegietara deklaratzera deitu zuten haren kontrako salaketa bat medio.
Buruntzako tontorrean lehen gurutze handi bat ikusten zen tokian, orain ikurrina ageri da zutik. Naiz.eus-ek azaldu duenez, urri hasieran eskegi du ikurrina masta handi batetik Andoaingo gazte abertzale talde batek.
Gurutzea 2021eko abenduaren 17an eraitsi zuten eta Ernai gazte antolakundeak aldarrikatu zuen ekintza. Buruntzakoaz gain, beste hainbat tokitako gurutzeak ere eraitsi zituen Ernaik, Gernikako eta Durangoko bonbardaketen 85. urteurrenaren harira. Ondorioz, antolakundeko ordezkari legala deklaratzera deitu zuten zazpi hilabete geroago Tolosako epaitegira, Abokatu Kristauen elkarteak salaturik, Naiz-en arabera.
Andoaingo udalak gurutzearen kontrako "sabotajea" salatu zuen, PSE eta EAJren babesarkein, monumentu "esanguratsua" zelako. Aldiz, Islada Ezkutatuak elkarteak ziurtatu zuen gurutzeak jatorri falangista zuela, mendi horretan hildako errekete eta frankisten omenez eraiki zelako.
1939an inauguratu zuten gurutzea ponpa handiz agintari frankistek eta Eliza Katolikoko ordezkariek. Geroztik, frankismo garaian ezezagunek ikurrina jarri izan zuten klandestinoki gurutzearen puntan San Roke egunez, Migel Ansak testigantza honetan azaldu zuen bezala.