Buruntza mendiaren gainean zegoen gurutze handia falangisten ekimenez jaso zela dio talde memorialistak, "Gurutzada Santu honetan eroritakoen omenez", 1939ko uztailaren 26an Andoaingo Udalaren akta-liburuan idatzita ageri denez.
Abenduaren 17an behin betiko eraitsi zuten ezezagunek Buruntza mendiaren (441 metro) tontorrean zegoen hormigoizko gurutze handia, aurreko astean rotaflexa eta bestelako tresneria erabiliz egindako saiakeraren ostean. Gurutzea txikituta geratu zen lurrera eroritakoan eta ezinezkoa da berregitea. Buruntzaldeko Ernaik hartu du bere gain ekintza, sare sozialetan zabaldutako bideo batean:
???ESPAINIAR FAXISMOAREKIN HAUSTURA, GAZTEOK INDEPENDENTZIA!
Gaur, 1939an zutitutako Buruntzako gurutze Frankista eraitsi dugu. Herri honen askatasunaren bidean, gazteok ez dugu faxismoaren gorazarrerik onartuko.#GazteokIndependentzia pic.twitter.com/7TzzS9Lx7B
— Ernai Buruntzaldea (@EBuruntzaldea) December 18, 2021
Andoingo Udalak "sabotajea" gaitzetsi zuen udal gobernuan dauden EAJko eta PSEko taldeen babesarekin, "jatorriarekin ados ez egonagatik ere" gurutzeak zuen "balioagatik". Lasarte-Oriako PSE-EEko, EAJko eta ELOPeko taldeek ere gauza bera egin zuten egun batzuk geroago, monumentu "esanguratsua" delako.
Falangisten ekimenez
Ekintza horren harira, Islada Ezkutatuak elkarteak agiria plazaratu du, berretsiz gurutzearen jatorri frankista. 1936ko Gerran, Buruntza mendiaren inguruan borrokaldi gogorrak gertatu ziren eta errekete nafar eta frankistek 80 hildako baino gehiago izan zituzten, elkarte horren informazioaren arabera.
Erasotzaileen artean apenas zegoen inguruko herrietako inor, aldiz, defendatzaileetako asko Urnieta, Lasarte, Andoain edo Hernanitik joandakoak ziren: "Jokabide horrekin, demokrazia, Errepublika, eta herri oso baten askatasuna defendatu zuten".
Altxamendu faxistaren aldekoek gerra irabazita, 1939ko uztailaren 26an FET eta JONS erakunde falangisten proposamena onartu zuen Andoaingo Udalbatzak: Buruntza mendian gurutze bat eraikitzea, "Gurutzada Santu honetan eroritakoen omenez". El Diario Vasco egunkariak jaso zuen kronika batean monumentuaren inaugurazioa 1939ko irailaren 1ean: "Otoitz egin zuten Aberriaren mesedetan bizitza eskaini zutenen betiko atsedenaren alde. Buruntzan eroriak! Hemen!”, dio artikuluak.
Katolizismo nazionalaren ikurra
Islada Ezkutatuak-en ustez ez dago zalantzarako tarterik: "Errepublikako demokraziaren aurka altxatutakoek eragin zuten gatazka militarra irabazi ondoren zutitu zuten monumentua da". Talde honen ustez estatu akonfesional batean bizi garen arren, Eliza Katolikoak markatutako herri-kultura, erritu eta sinbolo ugari daude, eta horietako askoren jatorria katolizismo nazionala da, 1936ko matxinatuek inposatua; Burutzako gurutzea, "egoera horren adibide garbia" zen.
Gurutzeak tontorrean zenbat iraun duen ikusita, elkartearen aburuz "kanpaina pedagogiko" bat egin behar zen bere jatorria eta esanahia "osotasunean zabaltzeko", eta bide ez emateko bestelako interpretazioei, hala nola balore "estetikoa" edo "erlijiosoa" zuela.
Nolanahi ere, Islada Ezkutatuak-ek dio horrelako sinboloak aspaldi desagertu behar zirela eta administrazio publikoak izan beharko liratekeela horren arduradun: "Inork ez luke ahaztu behar arerio komuna frankismoa dela, bere sinbologia eta bere kontakizuna".