argia.eus
INPRIMATU
Buruko osasunaren garrantzia, lehen lerroan
  • Oraindik aurreiritzi, estigma eta ezjakintasun handiz inguratuta dagoen tabua bistaratu du Simone Biles gimnasta ospetsuak, buruko osasuna zaintzea kirola baino garrantzitsuagoa delako Olinpiar Jokoetatik erretiratu denean. Buruko gaitzez gehiago hitz egitea eta gaiak duen garrantziaz jabetzea ezinbestekoa dirudi, zer esanik ez pandemia garaiotan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 29a

Denoi eragin digu pandemiak, baina gazteen buruko osasunean uzten ari den arrastoa ez da makala, kontatu genuenez. Orain jakin dugu suizidioa bilakatu dela gazteen heriotzen kausa nagusia, Espainiako Estatuan. Lehen aldiz dira suizidioak heriotza arrazoi nagusia, estatistikak egiten direnetik.

"Pasako da"

Halako ondorio larrietara iritsi aurretik, buruko osasuna ikusgarri egitea, gaiaz natural hitz egitea eta merezi duen inportantzia ematea aldarrikatu du ama batek, depresioa tarteko Rodrigo semeak 14 urterekin bere buruaz beste egin ostean. Eskutitz hunkigarri batean dio berandu eraman zutela psikiatrarenera: “Osasun mentalaren desinformazio, estigmatizazio eta infrabalorazioaren biktima izan gara. Asteak triste ematen ditugu arrazoirik gabe, autoestimua lurpean dugu, gizartetik at sentitzen garelako sufritzen dugu… eta ez diogu inori esaten, etapa hori pasatzea itxaroten dugu, disimuluan eramaten dugu”. Baina “pasako da” pentsatzea ez da bidea.

“Nik ez nekien haurrek depresioa izan zezaketenik –dio–, eta jakin nuenean, ez nuen neurtu eragin dezakeen sufrimendu maila. ‘Depresio’ hitzari duen pisua eta garrantzia kendu diogu, eta depresioa gaixotasun ikusezina eta ankerra da”. Rodrigo semeari esan ohi zion “txipa aldatu behar duzu” edo “duzuna disfrutatu ezazu”, baina konturatu da bidegabea dela halakoak eskatzea depresioa duenari, minbizia duenari minbizirik ez izateko eskatzea bezala baita.

Mister Wonderfulik ez, mesedez

Antzera mintzatu zitzaigun Malene San Pedro ARGIAn: “Mister Wonderful eta gisakoak oso modan daude, eta oso toxikoak dira. Txarto dagoenari esaten badiozu pozik egoteko, ez da bakarrik ez diozula laguntzen, gainera errudun sentituko da. Ez esan pozik egoteko, triste egon behar du. Nire prozesuan egin behar izan nuen lehenengo gauza izan zen triste egoten jakin, zergatik nengoen triste ulertu, min hori onartu eta dolua pasa. Arazoa estali eta pozik egoten tematzen bagara, arazoak hor jarraituko du, barnean. Nik ere ez dut triste egon nahi, baina tristezia eta sufrimendua ohikoak dira gure bizitzan, eta onartu egin behar ditugu, ongi egon ahal izateko”.

Eskutitzaren bukaeran, esperantzarako aldarria egiten du Rodrigoren amak: buruko gaitzek sendatze-aurreikuspen ona izan ohi dute, tratamendu eta terapia egokiarekin eta garaiz hartuz gero.