Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.
6.700 lagun inguruk %33ko ezintasuna onartua du Nafarroan, buruko nahasmendu larriengatik, baina beste askok ez du ezintasun hori eskatu, estigmatizaturik dagoen arazoa ez ikusarazteko. Hala azaldu du Elkarkide enpresako zuzendari gerente Marcos Resanok, batzorde parlamentarioan.
“%19 gara, eta enplegu tasaz hitz egiten badugu, aldiz, lan aukera gutxien dituen kolektiboa gara. Zergatia oso lotuta dago buruko nahasmendu larria duten pertsonen estigma sozialari”. Hain justu, pertsona horien enplegatzean indar handia jartzen du Elkarkidek, eta batez ere bi negozio ildo dituzte: publizitate eta postontzietako banaketa, eta ingurumenari lotutako ekintzak. Dirudienez, ordea, banaketa azkenetan da eta lan aukerak behar dituzte, horretan laguntzeko eskatu du Resanok parlamentuan, lana pauso inportantea delako estigma gainditzeko eta egonkortasuna eta independentzia lortzeko.
Irabazi asmorik gabeko enpresa da Elkarkide, eta sozietate mugatu izatetik fundazio izateko bidean da. Lau zentro okupazional ditu, 225 plazarekin (bana Tuteran eta Noainen, eta bi Iruñean), eta enplegatzeari begira hainbat programa ditu martxan.
Osasunaren Mundu Erakundearen datuak ere eman ditu Resanok: 2030erako, lau pertsonatik batek bere bizitzan buruko nahasmenduren bat izatea aurreikusten da eta %1-3 artean izango dira gaitz mental larriren bat izango dutenak. Ez alferrik, buruko osasunaren garrantziaz gero eta kontzienteago da gizartea, batez ere pandemiaz geroztik.