argia.eus
INPRIMATU
Buruko gaixotasunagatik 30 urtez beherakoen ospitaleratzeek %40 egin dute gora
  • Incidence of mental disorders in the general population aged 1–30 years ikerketak osasun mentalaren inguruko datuak argitaratu ditu. Egungo egoeraren berri eman eta bizitzako etapa garrantzitsuenak zein diren argitu ditu besteak beste.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 29a

Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikerlarik plazaratu dute txostena. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 30 urtez azpikoen osasun mentala aztertu, eta egoera psikiatriko naiz ospitaleratzeen berri eman dute.

Guztira 96.000 gaztek dute dokumentatua ezein buruko gaixotasun haien historial klinikoan, hain justu %15,8ak. Ildo beretik, pandemiaren osteko testuinguruak kasuen gorakada agerian utzi du; esaterako, Donostiako ospitalean %40 egin dute gora ospitaleratzeek.

Gaixotasun motari dagokionez, gazteek gehien jasaten dutena antsietatea da, eta bigarren depresioa. Haurren artean, ordea, elikadura-nahasmendua, atentzio falta eta hiperaktibitatea dira ohikoenak.

Ikerketaren arabera, buruko gaixotasunen erdia nerabezaroan garatzen da. Hala eta guztiz ere, argitu dute ezein adinetan garatu daitezkeela buruko gaixotasunak, eta kausak, garapena eta adierazpenak aldakorrak direla.

Bere buruaz beste

Lotura zuzena dute osasun mentalak eta suizidio tasa altuek. Gaur gaurkoz 15 eta 29 urte bitartekoen heriotzen lehen kausa ez naturala da. 2021. urteaz geroztik gora egin dute suizidio kasuek, edozein dela ere adina. Gainera, gazteen artean bere buruaz beste egiteko saiakera datuak bereziki kezkagarriak dira.

Kasu guztiekin ezin

Ikerketak zerbait agerian utzi badu, “prebentzioari garrantzia” eman beharra da, azaldu du ikerketan parte hartu duen Ana Gonzalez EHUko psikiatria katedradunak. El Diario Vascok elkarrizketatu duen Begoña Antunez Osakidetzako psikiatraren ustez, ordea, zerbitzu bereziak “ez dira iristen” guztiengana. Hala ere, geroz eta zerbitzu hobea eskaintzen dela dio. Adibide gisa jarri du lehen arretaren zerbitzuen lautik batek osasun mentalarekin zerikusia edukitzea