argia.eus
INPRIMATU
Buruko gaitzen bat dutenek ateak itxita dituzte lan munduan
  • Buruko gaitza dutenen langabezia tasa izugarria izan da 2019an ere: %80koa EAEn, ezintasunen bat dutenen artean altuena. Zer egiteko gai diren erakusteko aukera gutxi ematen die lan munduak, aurreiritzi asko baitago oraindik, biolentoak direla pentsatzea adibidez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 05a

Lanerako dituen trebezia eta gaitasunak aintzat hartu ordez, pertsona horrek duen buruko nahasmenduari begiratzen zaio maiz, gehiago mugei ahalmenei baino, eta aukera gutxi ematen zaio enplegatzeko. Gainera, estereotipotan oinarrituriko iritzia gailentzen da maiz.

Beste batzuetan, persona horrek dituen beharretara moldatzeko neurririk ez du hartu nahi zuzendaritzak. “Lan merkatuen txandak eta ordutegiak ez dira egokitzen kolektiboaren ezaugarrietara –esan digu ASAFES Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteko psikologo Montse Mozok–. Lan munduak, halaber, estresa sortzen du, eta estresa ez da ona inorentzat, baina buru gaixotasuna duten pertsonentzat oso kaltegarria da”.

Lautik bat

Bitxia da: estigma eta tabua dira gaixotasun mentalak, baina lau pertsonatik batek buruko gaitzen bat garatuko du bere bizitzan zehar, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Aniztasunaren aldeko apustua

Kolektiboa lan munduan integratzeko ASAFESek martxan dituen ekimenetatik harago, “asko dago egiteko –dio Mozok –, batez ere sentsibilizazioari dagokionean, enpresek beldurra gal dezaten eta aniztasunaren aldeko apustua egin dezaten”.