argia.eus
INPRIMATU
Burujabetza prozesu sozialari ekingo diote ELAk eta LABek
  • Bi sindikatuek ikuspegi sozialean oinarritutako prozesua aldarrikatu dute Bilbon elkarrekin aurkeztutako adierazpenean. Argi dute egungo estatutuek ez dutela horretarako balio eta Hego Euskal Herriak estatus politiko berria behar duela.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 04a
Amaia Muñoa eta Txiki Muñoz ezkerrean, eta LABeko Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo eskuinean. (Arg.: LAB)

Ikuspegi sozialekoa, erabaki eskubidea jasoko duena eta aldebakarrez egin beharreko prozesua dela azpimarratu dute Garbiñe Aranburu eta Adolfo Muñozek, hurrenez hurren LABeko eta ELAko idazkari nagusiek. Azken hamar urteetako krisi sistemikoa “patronalaren eta bankaren zerbitzura jarritako ekonomia, jendarte naiz lan alorreko politikek” sortu dutela uste dute. Hori aldatu beharra dagoela iristen diote, badagoela horretarako masa kritikorik euskal gizartean eta ekin egin behar zaiola.

Lau puntutako diagnostiko bateratua egin dute:

- Lan-esparruaren, negoziazio kolektiboaren eta pentsioen erreformak: burujabetzarik ez eta prekarizazio zein pobretzea batera datoz. EAJk PPren aurrekontuak onartuko dituela eta horri esker PPk bere agenda antisozialarekin jarraitu ahal izango duela salatu dute. Aipatu alorretan oraindik erreforma gehiago etorriko direla iragarri dute.

- Hego Euskal Herrian indarrean jartzen diren aurrekontu eta zerga-politikak elite ekonomikoen onurarako dira.

- Espainiako Gobernuak egin ahalak egiten dituela euskal gizartearen autogobernua murrizteko eta bere erabaki eskubide txikitzeko, eta horren aurrean euskal instituzioek ez dituztela printzipio horiek behar bezala defenditzen. Beraz, ezin dela aldebikotasuna defenditu eta ezinbestez erabaki eskubidearen aldeko borroka aldebakarrekoa izan behar duela.

- Burujabetzarik ez dugu eta, beraz, eremu soziolaboralean nahiz soziopolitikoan erabateko eskumen legegilea izango duen estatus politiko berria behar dugu.

Hau lortzeko hiru proposamen egiten dituzte:

Estatu politiko berria. Aplikatzen diren politiken norabidea goitik behera aldatzea, jendartearen gehiengoaren zerbitzura jartzeko, bereziki, egoerarik kaskarrenean daudenen zerbitzura. Horretarako estatus politiko berria aldarrikatzen dute, bai EAEn bai Nafarroan.

Burujabetza  prozesu soziala. Eredu sozial alternatiboa izango duen burujabetza prozesua abian jarri behar da, lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituena. Jendarteak ikusi egin behar du horrela dela.

 

Prozesu aldebakarrekoa. Espainiako Estatuarekiko hartu-emanen aldebikotasuna bertan behera utzi behar da eta geure marko politiko-instituzionala askatasunez finkatuko duen subjektu instituzionala behar dugu. Etorkizuneko marko juridikoa, beraz, ezin da neoestatutismoan oinarritu.

ELAk eta LABek burujabetza prozesu honi ekiteko konpromezu publikoa hartu dute Bilbon astelehen honetan.