Hartu-Eman esperientzien bankuak Euskal Herria "burujabetzaren bidean" jartzen duten ekinbideak bildu, saretu eta helaraztea izango du helburu. Dagoeneko hogeitamar esperientzia daude ikusgai Udalbitza.eus webgunean.
Udalbiltza Partzuergoak martxan jarri du, Hartu-Eman burujabetza eta garapena bultzatzeko esperientzien bankua. "Euskal Herriko gizartean hain ugariak diren lankidetzarako sinergiak, udalgintzaren arlora zabaltzeko ahalegina" da honakoa, erakundearen esanetan.
Udal eta herrietan proiektu aitzindari eta aurrerakoi ugari ari dira garatzen, eta hori guztia biltzea da ekimen honen helburua: "Esperientzia multzo hori Euskal Herriko gainerako udalen mesedetara jartzea du xede, nazio mailako harreman sareak ehunduz eta hautetsien formazioa ahalbidetuz".
Udalbiltza.eus webgunean paratutako plataforman, orotara hogeitamar esperientzia jarri dituzte ikusgai, zazpi lan-ildotan antolatuta: Energia Burujabetza, Elikadura burujabetza, Etxebizitza eta hirigintza, Lurr lantzeko erraztasuna, Ekonomia sozial eraldatzailea, Euskara, eta politika feministak. Ekinbide horiek hainbat irizpide bete behar dituzte, hala nola eraldatzaileak izan, "transportagarriak" izan –beste herrietan ere martxan jartzeko moduakoak– eta "gizarte onura" helburu nagusitzat edukitzea.
Hala, webgunean kontsulta ditzakegu hainbat lurralde eta tokitako proiektu anitzak: Errekaleor Gasteizko auzo autogestionatua, Laudioko baratze ekologikoak, Urduñako herri sukaldea, Zuberoako Gazteen Aurrezkirako Lekuko Taldea, Hernaniko klausula sozialak, Koop57, I-Ener... Horien eta gehiagoren informazio zabala eskaintzen du bankuak, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Udalbiltzak azaldu duenez, urtero esperientzia berriak jasoko dituzte eta "etengabe elikatzen joango da".