Bederatzi kilowatt (kW) ekoizten dituzten eguzki panelak instalatu dituzte Uztaritzeko Arruntza eskola publikoan eta Kiroleta frontoian.
Energia berriztagarrien inguruko proiektuak gauzatzeko beharrezko kapitala biltzen du Ipar Euskal Herriko elkarteak. Kapital horrekin, eguzki panel fotoboltaikoak instalatzen dituzte, eta energia elektrikoa ekoiztu eta saltzen dute.
Sozietate herritarra da, eta Ipar Euskal Herriko burujabetza energetikoa du helburu: “Ipar Euskal Herritarrek kontsumitzen dugun energiaren %99 inportatu egiten dugu: ezinbestekoa da energia Euskal Herrian bertan ekoiztea, energia berriztagarrien bidez“.
Lehena, baina ez azkena
Uztaritzeko proiektuez gain, hainbat proiektu dituzte buruan. Makeako frontoian eta Hendaiako zentro teknikoan, esaterako, 100 kilowatt-eko eguzki panelak instalatuko dituzte.
Energia berriztagarrien inguruko proiektuak garatu nahi dituzten pertsona zein gune gehiago aztertzen ari da Bixente Ugalde elkarteko langilea: “Espazio berriak aztertuko ditut; proiektuak ahalik eta ondoen eraikitzeko, ekonomikoki eta teknikoki”.
2014ko urrian sortu zen elkartea, eta laguntzaileen lanari esker garatu da. Hain zuzen, lehen lanpostua srotu zuen elkarteak pasa den astean. Herriak eta herri elkargoak proiektura batzea da elkarteko kideen helburua.