argia.eus
INPRIMATU
Buruhauste ugari, EAEko Hezkuntza Sailean
  • Hartzen dituen erabakiek eragileen kontsentsua dutela agertzea gustuko du Jaurlaritzak, baina Hezkuntza Sailak bi proiektu atzera bota behar izan ditu epe laburrean, jasotako kritikengatik: Herenegun programa eta eskola-jantokietarako proposamena. EAErako Hezkuntza Legeak ere korapilatuta jarraitzen du, eskola-segregazioaren gaiak bezalaxe, eta gainera laster azalpenak eman beharko ditu sailburuak Legebiltzarrean, Lanbide Heziketako finantzaketan irregulartasunak antzeman dituztela-eta.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko martxoaren 13a

Apirilean ikastetxeetan martxan jartzekoa zen Herenegun, 1960-2018 epea hartzen duen unitate didaktikoa. Baina oposizio guztia kontra duen programa atzeratzea eta gogoeta fasea irekitzea erabaki du azkenean Hezkuntza Sailak, adostasun faltagatik.

Urtarrilean beste iragarpen bat egin zuen Cristina Uriartek: hurrengo ikasturtetik aurrera, nahi zuten EAEko guraso elkarteek aukera izango zutela ikastetxeko jantoki zerbitzua zuzenean kudeatzeko. Kritika zaparrada izan du berriak, nagusiki jantokien ereduaz hitz egiteko mahaia egonik aldebakarrez hartutako erabakia izan dela eta laguntza eta baliabideak zehaztu gabe ardura guztia gurasoen gain jartzen dela egotzita. Erreakzioak ikusita, erabaki hau ere atzeratu egin behar izan du Hezkuntza Sailak.

Fronte gehiago ditu irekita Cristina Uriartek. EAEko Hezkuntza Lege proiektua aurrera ateratzeko dokumentua aurkeztu zuen Legebiltzarrean pasa den urrian, baina oraingoan ere, hezkuntza arloko eragileen parte-hartze eskasa salatu dute eta gako inportanteak diren gaien inguruko hutsunea nabaria da dokumentuan: hala nola finantzazioan, irakasleen egonkortzean edota eskola-segregazioa gainditzeko neurrien inguruan. Nabarmentzekoa da, eskola-segregazioari aurre egiteko Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztutako lege proposamena atzera bota zuela Jaurlaritzak, hain juxtu argudiatuz Hezkuntza Legean jorratuko zela gaia.

Bestalde, ARGIAn argitaraturiko artikulu baten harira Lanbide Heziketaren finantzazioan irregulartasun zantzuak antzemanda, EH Bilduk Legebiltzarrean azalpenak ematera deitu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuorde. Etxerako lanak pilatzen ari zaizkio Hezkuntza Sailari.