argia.eus
INPRIMATU
Buru eta bihotzez eutsi lurrari
  • Iñaki joan da. Orendaingo Larraspiko Iñaki oso gazte joan zaigu. Heriotza guztiak ematen du min, baina, min hori urruneko bazterretaraino hedatzen denean, berak ematen du galera horren neurria. Iñaki nekazari eredugarria zen. Ekintzailea baina sen berezia zuena, zetorrenari usaina hartzen iaioa, egin beharrekoa zirt-zart erabaki eta egiten zuen horietakoa. Esne-behiak zituzten etxean, etxe-behiak, etxekoak eta halaxe zaintzen zituen, arreba-anaiekin batera. Gaur egun, esnetarako behi asko kanpoko jatenarekin elikatzen da, ez daude lurrari lotutako baserrietan. Haztegi hutsak dira: janaria ez dute bertako lurretan sortzen, ez dute inolako loturarik inguruarekin, ez dute paisaiarik zaintzen eta benetako kulturarik sortzen. Gure Iñakik ezin zuen hori ikusi ere egin.

Jakoba Errekondo 2021eko otsailaren 26a
Argazkian, garagarra eta txirta. Egilea: IƱaki Zuriarrain Eizagirre.

Larraspin, inguruko lurrak ustiatuz elikatzen dute etxeko behikundea. Soro eta belazeetatik bazkak, eta lurpe sakon aratzetik ura. Ukuilu horretatik ateratzen den esnea bai, horri esan dakioke bertako esnea. Ez bertan ekoitzitako esnea, bertako jakiak eta urak janedan dituen eta etxekotzat den aziendak eman duen esnea.

Larraspin, behien elikadura osatzeko, lurpetik ateratako ura biziberritu egiten da. Lur sail asko gorritu eta soro bihurtuta bazka ugari propio sortzen da. Artoa (Zea mays) adibidez. Baina berak bazuen susmo bat: lur onik gabe, bazka onik ez. Susmo horren argitze bidean egin genuen topo. Behiak elikatu baina era berean lurra ere elikatu nahi zuen. Ongarriketa zen bere kezka nagusietako bat. Horretantxe laguntzeko eskatu zidan, lurraren kalitatea zaintzeko bidelagun hartu ninduen. Nik lehenengo esan niona, ez naiz errepikatzen sekula aspertuko: lurraren bizia zaindu behar da. Kakoa erraz esan eta ulertzen da, baina gauzatzea beste upeleko sagardoa da. Tresneria egokiarekin, ahalik eta eskulan gutxienarekin eta gure eguraldiak uzten dizkigun lanerako tarteak baliatuz, ondo lantzeko moduko lur sail aproposak gutxi dira. Horrela lur horretan lantzen dena milimetrora neurtu behar da eta bi helburuak bete: lurra aberastu eta kalitatezko bazka mandioratu. Lurrari eman eta lurretik hartu. Garia (Triticum aestivum), garagarra (Hordeum vulgare), zekalea (Secale cereale), oloa (Avena sativa), txirta (Vicia sativa), ilarra (Pisum sativum)... Zer ez zen hazten soro haietan. Ongarri berdearen teknika maisulandu zuen: laboreekin lurra sakonean harrotu, eta elikagaiak goratu, lekaleekin lurra nitrogenoz asebete eta etxekoentzat bazka hauta bikaina eskuratu. Ukuiluko mindak inguruko lurretan sortzen duen arazo larriaz jabeturik eta etorkizuneko apustu garbia eginez, haiek lurperatzeko makina ekartzen lehena izan zen. Mindekin batera sorturiko simaur solidoa ere luartzen aparteko saioak egiten zituen. Denak bere lurren onerako.

Iñaki ez zen nekazarien ezkutuko patronalak eta jauntxoek eta kazikeek esaten dutenera lepoa makurtzen zuen uztar-behia. Eredugarria zen askorentzat, eta bidea erakutsi du. Beste gazte askok bezala.

Hutsik egin gabe, argitaratu ditudan liburu guztiak bere amarentzako eskaintza bereziren batekin bidaltzeko eskatzen zidan. Azkenaldian maizen erabiltzen dudan eskaintza lehen orrian idatzi, “Maitererentzat, buruz eta bihotzez eutsi lurrari” eta bidali nion 111 hostoz eta orriz jantzi liburua. Bertan ditu bere semearekin eta beste askorekin landutako eta ikasitako makina bat lezio. Musu bat Maitere eta etxekoei.