argia.eus
INPRIMATU
Buru belarri lanean, Gasteizko Txosnak abuztuaren 4an irekitzeko
  • Agerraldia egin dute Txosna Batzordeko kideek, hiru urteren ostean txosnaguneari ongi etorria emateko. Iragarri dutenez, Mirentxin Gidariak kolektiboari emango diote aurtengo txosnisaria.

Hala Bedi @halabedi 2022ko abuztuaren 02a
Argazkia: Arabako ALEA.

Muntaian burubelarri murgilduta daude herri mugimenduaren topagune diren Gasteizko Txosnetan, jaiak hasteko hiru egun baino falta ez direla. Bi urteko geldialdiaren ostean, idarberrituta ekingo diote pogramazioari aurten txosnek, abuztuaren 4an.

Aurten zazpi txosna, bi karpa eta karpa komun bat egongo dira Gasteizko kanpusean. Bi espazio nagusiez gain (Entxosnatu karpa eta agertoki nagusia), gainontzeko txosna eta karpek ere programazio propioa izango dute. Tranbiaren obrek espazioaren antolaketan eragn badute ere, unibertsitate eremuan mantendu da txosnagunea.

Ohi bezala, egun bakoitzak «izaera berezia» izango du. Besteak beste, Entxosnazio Eguna ospatuko da abuztuaren 8an. Egun hori, bi urteren ostean, «herri mugimenduetako eragile ezberdinak berrelkartzeko parada» izango dela azaldu du txosna batzordeak. Aurten lehen aldiz Entxosnazio Eguna Alde Zaharrean hasiko da 12:00etan Irrien Lagunak ikuskizunak emango dio hasiera, eta marianitada eta bazkaria egingo dira ondoren. Arabako produktu ekologikoekin egingo da bazkaria. Txan Magoaren ikuskizuna eta txosnibusa, gero, «txosnaguneaz gozatzen segitzeko».

Txosnagunean edalontzi berrerabilgarri eta birziklagarriak erabiliko dituzte. Produktu ekologikoen eta elikadura-subiranotasunaren aldeko apustua indartu nahi du Txosna Batzordeak, eta Gasteizen berriki jaio den Herrizoma Elikadura Sarerak ekoizitako garagardoa izango da salgai aurten.

Mirentxin Kolektiboak jasoko du 2022ko txosnisaria

Gasteizko Txosnek 42 urte betetzen dituzten honetan Txosnisaria Mirentxin Kolektiboak jasoko duela ere iragarri dute agerraldian. Euskal preso politikoen senideak kartzeletara eramaten zituen gidari taldeak bukatutzat eman du bere bidea, urteen poderioz, konplizitate bat sortuz kilometroz kilometro. Txosna batzordeko kideek azaldu dutenez, «Mirentxineko furgonetetan urte hauetan guztietan argi izan dute protagonista nagusiak presoen senide eta lagunak direla; baina orain, milaka maitasun kilometroren ostean, eragile honi ere eskerrik asko esateko ordua dela uste dugu».

Gasteizko Txosnetan presorik gabeko txosnagunea nahi dutela ere gogorarazi dute eta hala aldarrikatuko dutela abuztuaren 5ean egingo den kalejiran eta elkartasun egunean.

Erasorik gabeko espazioa

Txosnagunean jai eredu «euskaldun, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustu garbia» berretsi dute eragileek eta, zentzu horretan, eraso matxistarik gabeko espazioa izango dela aldarrikatu. Txosnek bere egingo dute Gasteizko Mugimendu Feministaren protokoloa eraso matxisten aurka eta dei egin dute Mugimendu Feministak erasoak salatzeko jarritako telefono zenbakia erabiltzeko: 747 41 48 34.