Jesús Martín-Fernández Kanariar Uharteetako neurozirujauak modu hau aurkitu du burmuin tumoreak kendu eta eleanitzen hizkuntza gaitasunak ez kaltetzeko: gaixoa esna dagoela ebakuntza egitea, eta behatzea pertsona horrek hizkuntza bakoitza burmuinean zein eremurekin duen lotua. Brain Sciences aldizkari zientifikoan argitaratu du bere lana.
Ebakuntzak dirauen bitarteko mapeoa gaixo eleanitzetan: zer dakigu eta norantz goaz? artikuluan eman dute bere proposamenaren berri esna ebakuntzak egiten dituen neurozirujau talde honek: Jesús Martín-Fernández, Alejandro Fernández Coello eta Andreu Gabarrós. Burmuin tumoreak esna dauden bitartean kentzen dizkie talde honek eta beren esperientzian ikusi dituzten kasuetan oinarritu dute ikerketa.
Oraindik eremu lausoa da ea eleanitzen burmuinek nola kudeatzen dituzten hizkuntza anitzak eta ea hizkuntza bakoitza burmuineko zein gunetan kokatzen den. Ikusi dutenez, pertsona bakoitzaren burmuinean leku ezberdina hartzen du hizkuntza bakoitzak, eta badira garuneko gune batzuk hainbat hizkuntza kokatzen direna.
Gaixoa esna dagoen bitartean egiten den ebakuntzetan, gaixoari hizkuntzarekin lotutako testak eginarazten zaizkio, eta aldi berean, estimulu elektriko bat ematen zaio, "lesio birtual" moduko bat eragiten duena garuneko zonalde zehatz batean. Beraz, gaixoa une horretan hizkuntza horretan ulertu ezinik geratzen bada, ondorioztatzen dute hizkuntza horrentzat garuneko gune hori ezinbestekoa dela.