argia.eus
INPRIMATU
Burlatako udaletxean ikurrina jarri izanaren aurkako ebazpena eman du epaitegiak
  • 2017ko abuztuaren 14an, Burlatako jaietan, herriko udaletxean ikurrina jartzeko erabakia legez aurkakoa izan zela ebatzi du Iruñeko administrazioarekiko auzien lehen epaitegiak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko otsailaren 15a
Argazkia: Burlatako EH Bildu.

2017ko abuztuaren 14an, Burlatako jaietan, herriko udaletxean ikurrina jartzeko erabakia legez aurkakoa izan zela ebatzi du Iruñeko administrazioarekiko auzien lehen epaitegiak.

Nafarroako Parlamentuak Ikurren Legea indargabetu zuen arren, legediak ez du baimentzen Nafarroako eraikin publikoetan ikurrina jartzeko aukera, epaitegiaren esanetan. "Ikurren Foru Legearen indargabetzeak, salatutako aldearen argudioek diotenaren kontra, auziaren interpretazio juridikoa ireki ordez, erabat ixten du". Nafarroaren kasuan, ikurrinaren erabilerari bide ematen dion araudirik ez dagoela ziurtatu du epaiak.

Epaitegiak onartu du Ikurren Legeak ikurrinaren erabilera ahalbidetzen zuela ezohiko zenbait kasutan; Nafarroako ikur ofizialez gain, beste herrialde, erkidego edota tokiko ikurren erabilera baimentzen baitzuen kortesiazko keinu gisa, bisita ofizialetan, bisitak iraun artean. Legea indargabetuta, ordea, ikurrina eraikin publikoetan jartzeko aukerarik ez dagoela ondorioztatu du epaitegiak, "ez ohiko kasuetan, ezta apartekoetan ere"; haren esanetan, "udal batek ezin baitu egin debekatuta ez dagoen guztia".

Epaiak azaltzen duenez, Espainiako banderaren erabilera ezartzen duen 1981eko legearen arabera, administrazioetan Espainiako bandera, erkidegokoa eta tokikoa erabili behar direla, eta legedian ez dagoela bestelako banderarik erabiltzeko baimena ematen duen araurik, zazpigarren artikuluak jasotzen duena izan ezik. Epaitegiak nabarmendu du artikulu horretan bestelako banderen erabilera aurreikusten dela "berariazko arautzearen bidez".

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Burlatako eta Tafallako udalak salatu zituen iazko abuztuan, herriotako festen hasieran udaletxeko balkoian ikurrina jartzeagatik. Uda horretan, beste bederatzi udal salatu zituen arrazoi berarengatik.