Joan den astean izan ziren Burlatako jaiak eta aste honetan jakin da adingabeko neska gazte batek izandako sexu erasoa. Espainiako Poliziak, halaber, jakinarazi du erasoarekin lotutako 18 urteko gazte bat atxilotu zuela joan den igandean.
Burlatako udal talde guztiek salatu dute gazteak herriko festetan jasandako sexu erasoa eta harekiko eta haren ingurune hurbilarekiko elkartasun osoa adierazi dute. Begirunea adierazi dute, halaber, haren eskubideak babestu eta intimitatea zaintzearekin.
Gertakarien harira egindako adierazpen instituzionalean, udalak dio “kalea, gaua, eguna, jaiak, pertsona guztien gozamenerako” direla, eta ezerk ez duela justifikatzen “emakumeek askatasuna eta segurtasuna galtzea”. “Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko fenomenoa da –dio adierazpenak– eta gure jendartean dagoen gizarte-klase bakoitzean, munduko herrialde eta leku guztietan eta urteko egun guztietan dago”.
Egoera horren aurrean, udalean “emakumeek jasaten dituzten indarkeria moten aurrean jarrera aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, baita indarkeria horien prebentzioan eta ikusaraztean lan egiteko ere”. Aldi berean, emakumeen aurkako indarkeria “eremu guztietatik desagerrarazteko neurriak ezartzen jarraitzeko konpromiso irmoa adierazten dugu, baita sentsibilizazio- eta prebentzio-politiketan neurriak ezartzen jarraitzeko”.
Emakumeek jasaten dituzten indarkeria-mota guztien aurrean, “herritarrei sorgortuta gera ez daitezen gonbita egiten die udalak” eta erasoa gaitzetsi eta familiari babesa adierazteko, ostiral honetan elkarretaratzea deitu dute Larrañetako plazan 19:00etan.