argia.eus
INPRIMATU
Burlatako eta Errekaldeko gaztetxeen defentsan, indarrak batzera deitzen ari dira
  • Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko martxoaren 11
Gedar

Berehalako desalojo arriskuan daude Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) eta Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Gaztetxeak. Burlatako Udalaren arabera, martxoaren erdialderako hustu behar da bertako Gaztetxea, segituan hasiko direlako eraikinaren eraistea ekarriko duten obrak, Nogalera 2025 proiektuaren barruan. Errekaldeko Etxarri II Gaztetxea, berriz, apirilaren 4an hustu nahi dute, hango kideek jaso duten huste-aginduak zehazten duenez; etxebizitza berriak egiteko erosi ditu inguruak Amenabar eraikuntza-enpresak. Ez Burlatako ez Bilboko udalek ez dute alternatiba errealik bermatu bi Gaztetxeak lekualdatzeko.

Beraz, bietako asanbladak ari dira borrokan, Gaztetxeen defentsan. Errekaldeko kideen kasuan, mobilizazio-deialdi bat egin dute martxoaren 28rako, ostiralerako: manifestazio bat antolatu dute Errekalden bertan, Etxarri II Gaztetxearen desalojoa gelditzera eta Gaztetxeak defendatzera deitzeko. 18:30ean hasiko da mobilizazioa Errekaldeko plazatik, eta Euskal Herriko Gaztetxe ugariren babesa jasotzen ari da.

Burlatako Gaztetxearen alde, bestalde, agerraldi bat egin dute berriki Iruñerriko hainbat Gazte Asanbladatako kideek, Burlatak Gaztetxea behar du aldarriaren pean. Barañaingo Gazte Asanbladak, Txantreako Haustura asanbladak, Beriaingo Gazte Mugimenduak, Errotxapeko Gazteek, Atarrabiako Gazte Asanbladak, Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak, Arrosadiako eta Azpilagañako Gazte Mugimenduak, Mendillorriko Gazte Asanbladak, Zizurko Gazte Asanbladak eta Esteribarko Gazte Asanbladak egin dute bat Burlatako Gaztetxearen aldeko adierazpenean.

Ezinbesteko espazio bat gazteen antolakuntza independenterako

Iruñerriko gazte-kolektibo horiek guztiek salatu dutenez, "alternatiba errealik gabeko desalojoa da Gaztetxearen auziari eskaintzen dioten aterabide bakarra", eta "gobernu-taldeak arazoaren gainean duen ardura seinalatu" dute. "Argi geratu da berriz ere alderdi instituzionalek ez dutela inongo interesik antolakuntza independenterako espazioak egon daitezen eta bide burokratikoak beste mekanismo bat besterik ez direla horrelako espazioak menderatzeko eta desagerrarazteko", gaineratu dute.

Zentzu horretan, iritzi diote Burlatako Gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren lana "ezinbestekoa" dela "antolakuntzan eta borrokan oinarritzen den kultura bat hedatzen joateko", eta Gaztetxeak "ekarpen handia" egin duela horretan, "bai Burlatan bai Iruñerrian ere". "Desmobilizazioak, apatia politikoak, indibidualismoak eta ziurgabetasunak ezaugarritzen duten garaian, Gaztetxearen ekarpena inoiz baino garrantzitsuagoa dela uste dugu", esan dute: "Gazteon antolakuntza independenterako espazioen beharra aldarrikatu nahi dugu". Horri lotuta, Burlatako Gaztetxea defendatzeko deia zabaldu dute.