argia.eus
INPRIMATU
Burgosko Prozesuaren protagonistek hitz egingo dute Eibarko Coliseo antzokian
  • Burgosen ETAko 16 kideren kontra gerra kontseilua egin zela mende erdi igaro da. Goldatu, Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Errepresaliatuen elkarteak ekimen publikoa antolatu du Eibarren, Coliseo antzokian, abenduaren 3an. Hainbat auzipetu eta defentsako abokaturekin solasaldia izango da mahai-inguru batean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko azaroaren 26a

1970eko abenduaren 3tik 9ra egin zen Burgosko epaiketa, historia hurbileko auzi garrantzitsuenetako bat, Francoren erregimena kinkan jarri eta diktaduraren amaiera ekartzeko lehen pausoa izan baitzen.

ETAko hainbat kideren kontra heriotza zigorrak eta urte askotako kartzela eskatzen zuen fiskalak, Meliton Manzanas polizia torturatzaile ezaguna hiltzea egotzita. Akusatuek, baina, abokatuekin elkarlanean, lortu zuten epaiketan frankismoaren krimenak eta herritarrek jasaten zuten zapalkuntza agerian uztea, "hausturazko" estrategia erabilita. Mario Onaindiak "Gora Euskadi Askatuta!" oihukatu eta gainerakoek Eusko Gudariak abesten hasi zirenean tentsio muturreraino eraman zen.

Prozesua publiko egiteak, nazioartean frankismoko torturen berri emateak –horren inguruan erreportaje zabala kaleratuko dugu ARGIAn 2.712 zenbakian– eta, batez ere herritarren protesta eta mobilizazio jendetsuek, lortu zuten Francok amore eman eta militarrek ezarritako heriotza zigorrak kommutatzea.

Gertaera haien hainbat protagonistek hitz egingo dute datorren ostegunean, abenduak 3, Eibarko Coliseo antzokian (19:00), Goldatuk eta Eibarko Memoria Taldeak antolatu eta Eibarko Udalak babesturiko saioan: Miguel Castells, Francisco Letamendia Ortzi eta Pedro Ibarra abokatuek, eta Itziar Aizpurua, Arantxa Arruti, Jon Etxabe, Enrike Gesalaga eta Antton Karrer prozesatuek. Mahai-ingurua Elixabete Garmendia kazetariak eta Josu Chueca historialariak gidatuko dute.

Abokatuek idatzia plazaratu dute, mende erdi geroago euren iritzia azaltzeko: "Burgosko prozesuak agertoki berria abiarazi zuen, eta, aldi berean, konfrontazio prozesu berri bat erregimenaren kontra", diote artikuluan.

Aurretik, arratsaldeko 18:30etan Roberto Perez Jauregiri omenaldia egingo diote, Burgosko Prozesuaren aurkako protestetan poliziak Eibarren hildako gaztea.

Sarrerak doan dira eta Kutxabanken edo Coliseoaren lehiatilan eskuratu daitezke. Saioa, nolanahi ere, streaming bidez ikusi ahal izango dute koronabirusarne krisiagatik ezarritako itxiera perimetralaren ondorioz bertaratzerik ez dutenentzat, Goldatu elkartearen Youtubeko kanalean