argia.eus
INPRIMATU
AHT baino 1.954 milioi euro merkeagoa litzateke Burgos, Araba eta Nafarroa lotzen dituen tren soziala
  • Espainiako Sustapen Ministerioa Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Castejón lotuko lituzkeen abiadura handiko trenerako (AHT) linea eraikitzen ari da (270 kilometro), eta lurralde horietako tren sozialaren aldeko elkarteek eta Adif-eko sindikatuek alternatiba bat aurkeztu berri dute. AHT proiektuak 4.328 milioi euroko kostua luke eta aurkeztu berriak 2.374 milioi, hau da, 1.954 milioi gutxiago, edo bestela esanda, %45 gutxiago.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko azaroaren 24a
Albia izeneko tren bat Noain zeharkatzen. (Arg.: Miguel Galán)

Proiektu berriaren helburua egungo trenbidea bidaiarien eta merkantzien garraiorako egokitzea da. Astearte honetan aurkeztu zuten proiektua Iruñean eta Gasteizen, eta egileek ohartarazten dutenez, AHTaren izaera elitistari kontrajartzen zaio, txartelen salneurriek era guztietako herritarrek erabiltzea ahalbidetuko luketelako.

Oro har tren horrek 220 kilometro orduko abiadura hartuko luke, baina hainbat zatitan 250 km/h-ra ere iritsiko litzateke. Hala ere, batez besteko abiadura 140 km/h-koa litzateke (AHTarena 160 km/h). Eraikuntza lanei begira, helburua da egungo trenbidearen %70 berritzea eta gainerakoa guztiz berria egitea, batez ere egungo itzuliak zabaltzea abiadura handiagoa hartu ahal izateko.

Bost geltoki AHTk, 50 honek

AHTk bost geltoki bakarrik izango lituzke: Burgos, Miranda de Ebro, Gasteiz, Iruñea eta Castejón. Proiektu alternatibo honek, aldiz, 50 herri lotuko lituzke, horrela lurraldeen arteko kohesioa bermatuz. Teknikoki aldaketa asko proposatzen dira, horien artean esanguratsuenetakoa da trenbideetako balastroa –trenbideari eusten dion harriz osatutako plataforma– ordezkatzea hormigoizko plataformarekin, abiadura handia hartzeko seguruago eta iraunkorragoa delako.

Linea berri honetan Gasteiztik Iruñera 81 kilometro daude, eta geltokitik geltokirako bidaia 37 minutuan egingo litzateke (AHTn baino zortzi minutu gehiago), batez besteko 141 kilometro orduko abiaduran. Iruñea eta Castejón arteko ibilbidea (69 km), ostera, 25 minututan egingo litzateke, 174 kilometro orduko abiaduran. Azkenik, Burgos eta Gasteizko 96 kilometroak egiteko, 41 minutu beharko lirateke (AHTn baino hamar minutu gehiago) 140 km/h-ko abiaduran.

AHTari aurkeztutako alternatibetan orain arte beti atera izan da hirugarren errailaren aukera, baina honetan baztertu egin da trenak desbideratzeko trenbideetako dispositiboek jasaten duten higadura handiagatik, eta mantenu eta kudeaketan zailtasun handiak izaten direlako. Adibide gisa jarri dute Valencia-Castejón linea, non AHTaren abiadura 160 km/h-ra jaitsi behar izan den. Horrez gain, eta aspalditik aurreikusitako moduan, Nafarroako trenbidea bikoiztuko litzateke. Proiektuak kontuan hartzen du Iruñeko buklea kentzea, baina ez trena Gasteizeraino sartzea.

Kimetz Munitxa, David Andres eta Ignacio Rubin bide, ubide eta portuetako ingeniariak dira proiektuaren egileak. Enkargua egin dutenak, aldiz, Bureba, Miranda de Ebro, Arabako haranak eta lautada, eta Nafarroako trenaren aldeko plataformak dira.

Proiektu berriaren bultzatzaileak Iruñeko Geltokin aurkezpenean.
Gasteizko aurkezpeneko partehartzaileak.