Azkenaurreko geltokia izan zuen Txapelketaren lehen faseak joan den larunbatean, Legazpin. Bertso olarien herriko frontoia berriz ere goraino bete zen. 700 lagun inguru, kontaketa ofizialen arabera.
Baina atzerago nator oraingoan. Aurtengoa dut nik 1999tik hona bitarte lehenengo txapelketa barraren bestaldean. Honek gauza batzuen inguruan eman didan perspektiba aprobetxatuz, gogoeta pare bat.
Astebete bat lehenago, lagunartean, artean Villabona eta Markinako saioak baino jokatu ez zirenean, txapelketako gai errekurrenteenaz aritu ginen. Bingo, asmatuko zenuten honezkero: epailetzaz. Badirudi aurtengo epai-irizpideetan bertsoak pentsatzeko hartu beharreko denbora inoiz baino kuantifikatuago datorrela: gehienezko denbora tarteak zehaztu egin dira. Horrela, binakako lanetan hasteko gehienez 30 segundo hartuko ditu bertsolariak, eta bertsotik bertsora 10. Puntua erantzuteko 5. Bakarka, 2 minutu lehenengo bertsoa hasteko eta ondoren bertsotik bertsora 30 segundo.
Eta nago, epaileek beraien nota justifikatzeko parametro kuantifikagarrien premia dutela. Zergatik diot hau? Akats bakoitza badelako neurgarri eta, beraz, puntuaketan duen eragina apenas jarriko duen zalantzan inork. Iritziak berresteko premia guztiok dugu. Baina, bertso bat ona dela, eta puntuazio altua duela nola justifikatu? Nola neurtu parametro zehatzen bidez? Epaileek nota bat jartzeko ziurtasuna behar dute, eskuak dar-dar ez egitea honi 4 eta hari 8 ipintzerako garaian.
Zer da gertatzen dena? Akatsik ez dagoen kasuetan, ziurtasunez, oso puntuaketa berdinak izateko arrisku galanta dagoela. Norbere intuizioei, sentipenei, bertsoa ulertzeko eta gozatzeko erari hegoak mozten zaizkio puntuazio-orrien ispiluan. Esango nuke badagoela halako beldur bat, “ba niretzat bertso hau ona izan da, ez dakit zergatik, baina ona”esateko, puntuazio taulari begira.
Eta dena doa lotuta Txapelketaren korapiloan. Legazpin kantatuko zuen batekin egon nintzen telefonoz pare bat egun lehenago. “Hik zer egingo huke?” galdetzen zidan. Nik hasieran ez nuen oso ondo ulertu galdera. “Nola kantatuko huke?”. Joño, harrapazank. Hitzaspertuak deliberoa eman zigun: ez erortzea da klabea, asko nabarmendu gabe ere, akatsik ez egitea. Noiz edo noiz puntazoren baten zain geratu, eta bitartean eutsi. Flipatu egin nuen: bertsokera horrek zein zerikusi dauka gurekin? Bertsokera burgestu hori ez da bertsolariona. Inorena. Vade retro.
Bada jaun eta andre, gizon eta emazte, hara hor bertsogintza eta txapelketako bertsogintzaren arteko diferentzia. Puntuaketan kolperik ez hartzeko, badaezpada ez saiatu bertsoro kolpea jotzen. Beraz, ekuazioa egin genezake: epaimahaiko kideek ziurtasuna nahi dute hankarik ez sartzeko, beraz bertsolariek ez dute hankasartzeen mugara hurbildu nahi txartela ziurtatzeko. Total, hasierako faseetan beti saio grisak, puntuazio grisak. Guztiok hausnartu beharreko gaia iruditzen zait, eta han-hemenka proposamen interesgarriak entzun dira honi buelta emateko. Hamar-zortziko burgestu horien aurrean, ni ere marxista naiz, beraiek egin naute, ez nintzen hala jaio.
Legazpiko saioak nik uste hori guztia adierazi zuela. Bertsolariak akatsik gabe, baina gris, oro har. Puntuaketan, Igor goraxeago, baina hurrengo hirurak 10 punturen bueltan. Sailkapen orokorrean ere 20 punturen bueltan 12 bertsolari daude guztira.
Aurrekoan saioren batzuk nabarmendu banizkizuen ere, oraingoan ez naiz halako lanetan hasiko. Saio osoak baino ale politak entzun ziren, eta kartzelakoan ere ez zuten goia jotzerik lortu. Gaiak ere ez zuen dramatismorako bide handiegirik uzten, behar bada hortxe datza gakoa. Zenbat kostatzen zaigun inor hunkitzea bertsotan tragedia punturik sartu gabe.
Esan dut lehenago perspektiba pixka batekin ari naizela aurtengoan txapelketa hau ikusten, eta begira nago oraindik. Pentsatzen dut hurrengo fasean ausardia gehiago izango dela bertsolarien partetik, galtzeko (?) gutxiago duten neurrian. Esan nahi nuke, saioa lehertu nahi izateko jarrera bat izango dela, eta ez hainbeste ez erortzekoa. Pausoz pauso joan baino, tarteka salto egin nahi izatekoa. Orain papeleta Oiongo seikoteari dagokio: puntuaketa muga gutxi-gehiago non dagoen esan genezake –gogoan nola aurreko aldian 2009ko Onintza Enbeitaren 632,5 puntuak aipatu nituen?-, eta badirudi txukun xamar kantatuta eskuragarria izango dela. Txukun kantatu eta ez erori. Hori nola egiten den beste kontu bat da.