Ahaztuen Oroimena elkarteak memoriaren ibilbide bat osatu du Markina-Xemeingo Iturreta auzoan, Baldaburu inguruan geratzen diren 1936ko Gerrako bunker eta azpiegiturak ezagutzeko. Ekaineko hurrengo asteetan ‘Burdin Hesi Txikia’ ere deituriko bigarren guda-lerro hori induskatuko dute EHUko arkeologo eta ikasleekin batera.
Markina-Xemeinen gaixotasunek erasotako pinudien mozketek altxor arkeologiko bat azalerazi dute azken urteetan: 1936ko Gerran errepublikarrek eraikitako bunkerrak, lubaki zatiak eta babesleku antiaereoak agerian geratu dira. Ahaztuen Oroimena elkarteak egindako lanari eta jasotako testigantzei esker, orain bigarren guda-lerro horri buruz askoz gehiago dakigu, eta aukera baliatu nahi dute induskatzeko eta balioan jartzeko.
Joan den urtean Markina-Xemeingo bigarren guda-lerroko memoria ibilbidea (MX-2) aurkeztu zuen Ahaztuen Oroimena elkarteak, Alpino Mendizale taldea eta udalarekin batera osatua, “SL” herri ibilbideen barruan. Orain, ekainaren 5ean, MX-3 ibilbidea aurkeztuko dute, Iturreta auzoan Baldakotxuntxurreko bunkerretan barrena doana.
Aurkezpenean, ekainaren azken bi asteburuetan EHUko ikasleekin egingo dituzten indusketa arkeologikoen berri ere emango dute, eta horretarako Josu Santamarina arkeologo eta EHUko Ondare Eraikiari buruzko ikerketa Taldeko kideak hitzaldia eskainiko du. Gainera, indusketen azken egunean bisita gidatua antolatu dute: “Lanak ezagutu, azalpenak entzun eta jakinmina asetzeko aukera izango dugu”, azaldu dute elkartetik.
1936ko urrian, gudari eta milizianoek lortu zuten Emilio Mola jeneralaren erasoaldia gelditu eta frontea Bizkaia eta Gipuzkoa artean egonkortzea. Baina Markina-Xemein eta inguruetako posizioak ahulak izaki, lerrokatutako bunkerrez osaturiko bigarren fronte bat eraiki zuten, Rikardo Bastida Lezea arkitektoak diseinatua. Lerro hori ez zuten erabili, faxistek Oiz mendian frontea gainditzea lortu zutelako 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten egun berean. Ahaztuen Oroimenak bildutako testigantzei esker, azpiegitura horiek aurkitu eta balioan jartzen ari dira orain.
Santamarinarekin elkarrizketa argitaratu dugu aste honetako ARGIAn eta honela azaldu du bigarren guda-lerroaren garrantzia: “Lerro hori berezia da, nik “Burdin Hesi Txikia” deitzen diot: dozena baino gehiago bunker ditu eta hormigoizko egitura asko. Horietatik bi induskatuko ditugu. Ez dut asko espero materialtasunari begira, ze fronte hau oso modu katastrofikoan erori zen 1937ko apirilaren 25 eta 26 inguruan; ez zen ia borrokaldi zuzenik gertatu. Baina bunkerrak arkitektonikoki baliotsuak dira, lerro berean egonda ere tipologia ezberdinak dituztelako”.
Arkeologoaren esanetan, ez da ohikoa frontean defentsarako halako hainbeste egitura ikustea, Bilboko Burdin Hesia kenduta, errepublikarrek apenas erabili baitzuten hormigoirik: “Neurri batean lehia bat ere egongo zen: nora eramango dugu hormigoia, frontera edo Bilbora?”. Hala, 1936ko Gerrako paisaiaren lekuko paregabeak bihurtu dira Markina-Xemeingo horiek eta “galtzaileen posizioak izanik, haien azalean jartzeko aukera eskaintzen digute”.