Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere erritmora hartu du parte Korrikan, eta argi ikusi da gero eta komunitate handiagoa eta anitzagoa dela euskaldunona.
Komunitate horretan sartzen dira era guztietako iritzi eta balioak, are, aurkako ikuspegiak ere. Eta harrigarria da ikustea nola Korrikak lortzen duen herri osoa batzea, gainerakoa albo batera utzi eta euskararen alde egiteko. Deserosoa da egunerokoan euskararen aurka ari diren politikari eta sindikatuei lekukoa pasatzea; mingarria da Ertzaintzak oldarraldi batean begian jo zion 16 urteko billabonatarrak jaso duen lekuko bera gero ertzainek eramatea. Baina guztiok gara euskararen herriaren parte, eta eraiki beharko dugu bizigarria den komunitate bat; euskalduna bai, baina balio batzuk errespetatuko dituena.
Hamaika egunetan mugarik ez duen Euskal Herria ezagutu dugu, eta AEK izan da ate eta zubi horiek zabaldu dituena. Euskara izan da guztiok lotu gaituena. Herriz herri nabarmen aldatzen da euskara eta euskaltzaletasuna ulertzeko modua, baina guztietan ikusi da AEKren lanari egindako eskertza. Funtsean, hori baita ekimen herrikoi hau: Euskal Herria euskalduntzeko eta alfabetatzeko bultzada erraldoia. Baina ezin dugu ahaztu Korrika ez litzatekeela ezinbestekoa izango euskara ikastea doakoa balitz, denontzat, lurralde guztietan, eta baldintzarik gabe.
AEK-k bota du eskea: “Konpromiso gehiago eta baliabide gehiago ditugu behar”. Garazi Arrulak berretsi du mezua: “Ez dugu ahazteko hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa”. AEK-k ospatu du inoizko Korrikarik jendetsuena izan dela, eta nabaritu da euskararen aldeko jarrera zabaldu dela. Baina jarrera ez da nahikoa, eta berehala behar da instituzioen inplikazioa; herri harroa ez da inozoa, eta instituzioen zuriketak ez dio balio. Brilli-brilliak jarriko ditugu soinean, baina instituzioei dagokie oinarriari eustea. “Harro bai, baina ez konforme” dioen herria aurrean dute, eta euskarak hegemonia har dezan nahi du.
Herri harroak nahi ditu azterketak euskaraz, bai Ipar Euskal Herrian baita Hego Euskal Herrian ere. Nahiz eta azterketarik gabeko herria amesten dutenak ere badauden, oposizioen araberako sistema honetan euskara lehenestea nahi du herriak. Euskara ez baita inposizioa, eskubidea baizik. Korrikak balio dezala aldeko jarrera dutenei euskara ikasteko grina pizteko, eta badakitenei erabiltzera bultzatzeko.
Euskara ez dago bizirik haren alde egin dutelako aurreko belaunaldiek, baizik eta euskaraz bizi izan direlako, erabili dutelako. Eta 23. Korrikan ere argi ikusi dugu euskara eman diguten horien harrotasuna, hura ondo transmititu izanaren asebetetasuna. Guraso berriei ere ikusi dizkiegu begiak bustita, haur txikiak lehen aldiz korrika ikustean. Euskara belaunaldiz belaunaldi, hegazti harraparien atzaparretatik ihes egin duten zozoak hegan.
Hamaika egunez burbuila batean bizi izan gara, fantasiazko Euskal Herrian, Baionako Askatasun plazan amaitu den eztizko telesail horretan. Eta hori izan da herria antolatu delako eta AEK-k boluntarioen bultzada izugarria izan duelako. Ekosistema osasuntsu bat da Korrika, baina hamaika egunetatik at pixkanaka hondatzen dena. Garazi Arrularen deiari erantzun, eta erre beharko ditugu belar txarrak eta espezie inbaditzaileak, eta landatu bizigarria den eta zainduko dugun baso kolektibo bat.