argia.eus
INPRIMATU
Sail Ofiziala. 4.eguna
Bunker bana, beste norbait izateko

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 24a
'The End'

Iradoki dezake titularrak, baina ez, ez dugu El Hoyo 2 ikusi. Baizik eta The End (Amaiera). Luxuzko bunker baten bueltan garatzen da Joshua Oppenheimerren filma. Estreinako pelikula du zuzendariak, aurreko bi dokumentalekin ibilbide oparoa egin ondotik. Pelikula majoa ekarri du pantailetara. Eta bera ere ekarri dute Kursaaleko kutxa-bunkerrera, lantaldearekin batera. Haien egonaldia nahikotxo izango da bunker baten parekoa: eskoltatuta hara eta hona, Maria Cristina hoteletik Kursaalera autoz, eta alfonbra gorria alderik alde pasatu. Oppenheimer bera ez da akaso aurpegirik ezagunena, baina egia da sona handiko taldea duela, aktoreen artean baitaude, besteak beste, George MacKay edo 1915-eko Schofield soldadua, Tilda Swinton eta Michael Shannon.

'The End'-eko lantaldea Kursaalean, astelehenean. / Argazkia: Gari Garaialde - Zinemaldia

Bunkerrak dira haientzat horrelako zine jaialdiak, eta kazetariontzat ere bai Zinemaldia. Hainbeste film eta hain masiboki, zortzi egunez eta etxe alboan edukitzea, denboraldi bateko kuota gainditzekoa da. Txiki geratzen da 6,24ko delako kupo hori.

Aurreikuspen gutxiko astelehena honakoa. The End ikustera sartzean ez zen erraza ezer aurrez imajinatzea. Musikala izango zela eta zientzia fikziozkoa (biak batera, ze kristo?), horixe zen aurreratzen zena sinopsian, eta jakina, lehenbiziko estreinaldia zuenez, ez dago sarean ezer topatzerik.

Etorkizun distopiko batean, apokalipsi itxurako krisi bat gertatu eta handik 25 bat urtera kokatzen da pelikula, kobazulo zuri-gris eta ilun batean –hezea eta hotza zirudien irudian, baina ez praktikan–. Etxe-bunker luxuzko batean bizi da familia bat, Ama, Aita eta Semea –izenek baino gehiago axola dute “karguek”–, haien maiordomo eta medikuarekin. Burujabeak dira: baratze (?) bat dute hor, kobazuloan, zer jaten eta edaten duten ez da ikusten baina egiten dutela bai, otordurako biltzen baitira. Argindarra ere badute... Beno, kontakizuna aurrera joan ahala jabetuko gara familia aberatsa dela –inork zalantzarik egiten bazuen–, edo aberatsa zela lehengo bizitzan bederen; eta apokalipsi horretan zerikusia izan zuten, aktiboki edo pasiboki, baina eragin-eragin zuten. Gauza horiek, ez denak, joango dira argitzen.

Aipatu ditugun pertsona horiez gain, bakar bat gehiago soilik gehituko da kontakizunera: Neska –beltzarana, beste familia batetik datorrena, auskalo nondik eta nola–. Bere iritsierak familiaren ongizatea asaldatuko du, erabat, eta aitzakia horrekin landu ditu Oppenheimerrek hainbat ideia: esaterako, zeinen erraz jokatzen duen gizakiak muturrerainoko berekoi eta zapaltzaile, “segurtasuna” argudiatuta –zientzia fikzioa?–.

Egia esan, teatro baten tankera gehiago du pelikulak. Antzerkia, taula gaina etxe horren barnealdea bailitzan. Eta gainera, tarteka kantuan hasten dira –ez dute gaizki kantatzen, baina ezta izugarri ondo ere; eta letrak ez dira oso onak–, eta umore ukitu, egia erran, elegante batzuk ere erakutsi dituzte. Eskertzen da, ez baitzegoen bestela hain erraz bi ordu eta erdiko proiekzioa aguantatzerik. Batez ere lehen erdia, luzetxo geratu dena. Toki gehienetatik begiratuta, arraro samarra da filma.

El lugar de la otra (Bestearen lekua) Maite Alberdi Soto zinegile txiletarrarena; arbaso euskaldunak ditu.

Ideia batek gogaitu nau astelehen honetan: ez al da metafilm bat Zinemaldi hau?

The End-en ez ezik, bunker bat ere badago goizean ikusiriko beste pelikulan, El lugar de la otra (Bestearen lekua) txiletarrean. Geroxeago sakonduko dugu bunkerraren lotura horretan. Baina kontutan hartu igandean ikusiriko azken filma Los destellos izan zela...

Pelikulaz pelikula, ari gara aldatzen hizkuntzaz, zuzendariz, aktorez... Kanbiatzen dira protagonistak, kanbiatu garaia, atrezzoa... Baina oinarri bat partekatzen dute kontakizun askok eta askok. Titular bat da: saioz saio ostiatzen da gizontasuna. Gehiago ala gutxiago, alde batetik edo bestetik, baina emakumea erdigunean ipintzen da, eta, jipoituak dira, ondo merezita eta argudiatuta, gizona eta gizontasuna. Ñabardurak atera ahalko genituzke, film bakoitzak zertan egiten duen akats helburutzat hori ipiniko bagenu; baina aizue, ahaleginari ere erreparatu behar zaio. Noizbait heldu dadila garaia, ordea, ahalegin hutsa gutxiegi izango dena.

Titular bat: saioz saio 'ostiatzen' da gizontasuna. Gehiago ala gutxiago, alde batetik edo bestetik, baina emakumea erdigunean ipintzen da

Benetako istorioa dakarkigu El lugar de la otra pelikulak. Txilen, 1955ean, María Carolina Geel idazle ospetsuak bere maitalea hil zuen, kategoria handiko jatetxe batean bazkaltzen ari zirela eta jantokiaren erdi-erdian. Ez zegoen misteriorik, denek ikusi zuten bera izan zela, eta emakumeak horrela aitortu zuen. Espetxe zigorra ezarri zioten, eta ziegapean egonik sona handia eskuratuko zuen nobela idatzi zuen: Cárcel de mujeres (Emakumeen espetxea). Atzerrian bizi zen txiletar poeta Gabriela Mistralek bere indultua eskatu zion Txileko presidenteari, eta azken horrek, azkenean, onartu zuen. Hona arteko dena, egia.

Fikzioa hemen: filmeko protagonista ez da maitalea hil zuen emakume hori, baizik eta epaiketaren ardura hartuko duen epailearen idazkaria. Beste emakume bat, Mercedes. Konexio berezia edukiko du espetxeratuarekin; biak emakumeak, badute-eta zer adierazia. Mercedesi deseroso ikusiko zaio bere bizitza moldearekin, eta asko erakarriko du Geel idazlearen etxean ikusiko duenak, emakume autonomoa, burujabea eta “askea” baita. Hortxe bunkerraren kontzeptua: Mercedesek bere egingo du bestearen etxea, hura espetxean dagoela aprobetxatuta, eta bizitza paraleloa-edo abiatuko du horrela.

Filmaren mamia –eta honegatik iruditu zait film ederra– erabat loturik dago familiako emakumea etxeko lanetara mugatzeko agindu sozialarekin; ondo landuta dago, eta askatzailea da diskurtsoa. Hala ere, ez luke behar Sail Ofizialean gehien nabarmenduriko pelikula; zalantzarik gabe, edonori gomendatzekoa bada, ordea.

Elisa Zulueta (Mercedes) eta Maite Alberdi zuzendaria, astelehen eguerdian Kursaalaren atarian. / Argazkia: Zinemaldia - Nora Jauregui

Eta orain, esadazue ezetz, aurreko egunetako kronikak irakurri badituzue bederen, hau dena ez dela metafilm bat. Bunkerrarena esan dugu dagoeneko, eta Los destellos ikustetik gentozen astelehen goizera. Pelikula horretan Isabelek egiten duen papera, indar erakustaldia, zaintzarako konpromisoa, familiaren sostengu izatea... El lugar de la otra filmean ederra da ikustea nola gorpuzten duen aktore printzipalak (Mercedesena egiten du Inés Bortagarayk) etxeko zereginak egitetik harago joan nahi duen emakumearen egunerokoa. Emakumearen azpiratzea, sukalderatzea, presente dauden filma da.

Duela urte batzuk ez zen horrela islatuko pantailan, nahiz eta askoz ere indartsuago eta gordinago izan errealitatean. Emakume subjektuaren zapalkuntza gero eta gehiago ari da proiektatzen Zinemaldia, eta hori bada adierazle esanguratsua.

[Gero, aitortu behar da, El lugar de la otra-ren ondotik, Andrés Roca toreatzailearen zezenketa aldiak kontatzen dituen filma eman dutela Sail Ofizialean, eta aretoa jendez betea zela. Bi orduko pelikulan 40 minutu kostata aguantatu ditu kazetari honek. Hiru zezen bortizki, gordintasun osoz, hiltzen ikusi ditugu, zenbait minutu majoz sufritzen ikusi ondoren. Toreatzailearen kezka ia bakarra zen publikoa gustura geratu ote den ala ez. Tonu berean segitu omen du filmak gero, pelikula osoa nahitaez ikusi behar izan duen beste kazetari batek idazten ari den honi esan dionez. Horixe zen, akaso, diskurtso feministez harago falta zena: konpentsazioa esango dugu? “Denen zaletasunak errespetatzea”?]