argia.eus
INPRIMATU
Bundesbankek Greziari ohartarazi dio, kaltetua bera izango dela murrizketa programak baztertuz gero
  • Jens Weidmann Alemaniako Banku Zentraleko (Bundesbank) presidentearekin hitz egin du Espainiako El País egunkariak eta igandeko hauteskunde greziarren aurrean banka germaniarrak duen iritzia argi adierazi du: murrizketa politikak aurrera jarraitzearen alde dago Weidmann eta esan du Grezia eurogunetik irteteko aukerak beste herrialdeetan eragingo lukeen kutsatze-efektuaren “xantaia” ez dutela onartuko.

2012ko ekainaren 15
Weidmann Bundesbankeko presidentea da

“Grezia dagoeneko tratu berezia jasotzen ari da” adierazi du Weidmannek. “Murrizketak askoz gehiago luzatuko dira. Herrialdeak zorraren salbuespenezko arintzearen onurak lortu ditu. Beste edozein naziok baino laguntza handiagoa eduki zuen. Ezinezkoa da bigundutako egoera hori are gehiago lasaitzea”.

Hauteskundeetan gertatzen dena gorabehera, troikak proposatutako murrizketa programarekin jarraitzea ez dela negoziagarria gaineratu du Weidmannek: “Greziako gobernu berria aurreko akordioei lotuta egongo da. Alde bakarreko erabaki bat hartu eta programatik ateratzea erabakiko balu, nire ustez esan nahiko luke ezingo zaiola laguntza ekonomiko gehiago eskaini. Greziak erabaki bat hartuko luke, baina ondorioak ere onartu beharko lituzke. Denoi eragingo liguke, baina nire iritziz Grezia izango da okerren aterako dena”.

Informazio gehiago:

Grezia eurogunetik irteteko aukera aztertu du Costas Lapavitsas ekonomialariak ARGIAren 2.327. zenbakian euskaratuta argitaratu dugun "Grezia, eurotik irten, krisitik irten" artikuluan.