argia.eus
INPRIMATU
Bultzadak Aitor Zabaleta harmaila itxiko du hurrengo partidan, errepresioa salatzeko
  • Bultzada Realaren jarraitzaile taldeak jakinarazi duenez, ez da joango ostiraleko Vila-realen kontrako partidara, eta Aitor Zabaleta harmaila itxita mantenduko du, jasaten ari den “errepresioa” salatzeko.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko otsailaren 23a

Sare sozialen bidez partekatutako komunikatuan Bultzadak azaldu duenez, “denok ikusi genituen azaroaren 8ko irudiak”, Realak eta Benficak Txapeldunen Liga jo zuten egunekoak, hain zuzen.

Benficako ultrak Anoeta inguruan hainbat realzaleri eraso egin zioten partidaren aurretik. Bultzadak iradoki duenez, Ertzaintzak babesteari utzi zion eremutik sartu ziren Benficako ultrak: “Ertzaintza babesten eta zaintzen ari zen plaza horri bi edo hiru aldiz eraso zioten zaleek, eta minutu batzuk lehenago, bi furgoneta zeuden toki beretik sartu ziren bertara”.

Bultzadak komunikatuan adierazi duenez, “plaza horretan zeuden realzale batzuek euren burua eta gainerako realzaleena defendatu behar izan zuten. Eta autodefentsa hori burutzeagatik ari dira orain jazarriak eta zigortuak izaten”. Gertakarien erantzukizuna Ertzaintzarena dela diote agirian: “Poliziak egun hartan izan zuen inakzioa eta arduragabekeria ikaragarriarengatik ari dira [realzaleak] atxilotu eta auzipetuak izaten”.