Bultza Kirola Euskadi plataformak milaka pertsona mobilizatu ditu urtarrilaren 9an, Donostia, Bilbo eta Gasteizen, eskola kirola berriz has dadin eskatzeko. Pandemiaren hamar hilabete hauetan Eusko Jaurlaritzak eskola kirola egitea debekatu badu ere, kirola segurua dela eta ikasleek beharrezkoa dutela aldarrikatu dute plataformak biltzen dituen elkarte eta federazioek.
Bilboko protestaldian, 4.000 pertsona inguruk parte hartu dute. San Mamesetik Plaza Biribilera, "Kirola funtsezkoa da" zioen pankarta baten atzean zeharkatu dituzte Bilboko kaleak. Gasteizen manifestariak Bilboko plazatik Andre Maria Zuriaren plazarako bidea egin dute eta Donostian Boulevardean izan da mobilizazioaren hasiera eta amaiera puntua.
Burbuila txikietan antolatu
Manifestazioen antolatzaileek ez dute ulertzen kutsatzeko arriskua txikia izanda, hain ingurune seguruak lortuta, praktika oro geldiaraztea erabakitzea. Horregatik, gutxienez burbuila taldeetan, protokoloak kontuan hartuta, entrenatzearen alde egin dute, izan ere, horrela errazagoa iruditzen zaie kutsatzeko arrisku-eremuak murriztu eta kontrolatzea. Horregatik guztiagatik, Bultza Kirola Euskadi plataformak araudia aldatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta profesional edo erdi-profesionaltzat hartzen ez diren lehiaketak eta eskola-kiroleko jarduerak ez debekatzeko eskatu dio.
Ondoko txioak gogorarazi du gaur LABI elkartuko dela eta eskatzen diete asteburuko protestak kontuan hartzea:
Bultza Kirola plataformak Eusko Jaurlaritzari bidalitako eskaera. Gaur LABI elkartuko da eta espero dugu asteburu honetan egindako manifestazioaren jendetza ikusi izana. #bultzakirolaeuskadi https://t.co/P2dHftVW1O pic.twitter.com/xsY6SxQUAW
— berdezurigorri (@_berdezurigorri) January 11, 2021
Kirola egin beharrean, bideo-jokoetan eta ikasten
Bultza Kirola Euskadi plataformak 500 klub eta federazio baino gehiago biltzen ditu. Klub horien artean egin duten ikerketa baten ondorioak aurkeztu dituzte protestaldiaren amaieran.
Ikerketa horren arabera, lehen egiten zen kirolaren %8 galdu da dagoeneko. Gainera, banakako jarduera fisikoa egin badaiteke ere, kirola egiten ematen den asteko denbora batez beste sei ordutik bi ordura jaitsi dela jakinarazi dute. Denbora hori jarduera fisikorik behar ez duten ekintzetara bideratzen da gehienbat: %30ak bideo-jokoetara bideratu du denbora hori eta %18k ikastera.