argia.eus
INPRIMATU
Bullyingaren aurrean eskolak ez direla nahikoa inplikatzen dio Gipuzkoako Adin Txikikoen Fiskaltzak
  • Erraza al da eskola-jazarpena antzematea eta moztea? Erremintak gero eta gehiago dira, "baina ez da protokolo kontua", bullyingaren aurrean ikastetxeek oro har ez dutela nahikoa arreta jartzen, ez direla behar adina inplikatzen eta ematen duten erantzuna ez dela aski ohartarazi du Gipuzkoako Adin Txikikoen Fiskaltzak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 04a
"Irakasleek arreta handiagoa jarri beharko lukete bullyingaren jomuga izan gazteengan", dio Fiskaltzak. Argazkia: Freepik

Bullying kasu baten harira egin ditu adierazpenak Adin Txikikoen Fiskaltzak. Urte batzuetatik hona, gaia eskolan lantzeko tresnak ugaritu egin dira, baina salbuespenak salbuespen, oro har ikastetxeetan ez zaio aktiboki aurre egiten ikasleen arteko jazarpenari, Fiskaltzaren hitzetan. Jazarpen kasu baten berri dutenean, eskolek gehiago inplikatu behar dutela dio, ematen den erantzuna ez dela nahikoa izaten. Aurrez, "irakasleek arreta handiagoa jarri beharko lukete egoera pertsonal, familiar edo sozialarengatik bullyingaren jomuga izan daitezkeen edo izaten ari diren gazteengan".

Maiz huts egiten dute protokoloek, eta horren erakusle da zein ohikoa den biktima eskolaz aldatzeko joera, jazarpena tartean denean

Gaia eskolan lantzeko ekimenak ez dira gutxi. Besteak beste, fokua taldean eta lekuko pasiboengan jartzen duen KiVa metodoa, bizikidetza positiborako curriculuma helburu duen Bizikasi ekimena edota harreman osasuntsuak elikatzeko Haziak proiektua ezagutu ditugu urteotan. Irakasle, klaustro eta eskolek protokoloak ere ezagun dituzte, nahiz eta maiz protokoloek huts egin, eta horren erakusle da zein ohikoa den biktima eskolaz aldatzeko joera, jazarpena tartean denean. Behar bezalako lanketak denbora eta baliabideak eskatu ohi ditu. Eta eskolaz harago, jakina, familiena ere bada ardura: erasotzailearen etxean gurasoek esku hartzea erabakigarria izan daiteke.

Azken datuen arabera, eskola-jazarpen kasuek gora egin dute EAEn, eta Bigarren Hezkuntzan antzeman dira kasu gehienak.