argia.eus
INPRIMATU
Bullyinga ekiditeko programaren balorazio “oso positiboa” egin dute Nafarroako ikastolek
  • Nafarroako hamabost ikastoletan txertatu zuten KiVa programa finlandiarra 2016an. Honekin fokua jarri zuten eskola-jazarpenaren prebentzioan eta tratamenduan. Ikastolen elkarteak prentsaurrekoa egin du programa baloratzeko eta adierazi du emaitza “oso positiboa” izan dela.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 24a

Eskola jazarpenaren aurkako programari buruzko prentsaurrekoa egin du Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Guztira Nafarroako hamabost ikastoletan txertatu zuten KiVa izeneko programa, eta 4.244 ikaslerengan eta 739 langilerengan eragiten du. Elkarteak adierazi duenez, “inflexio-puntua” izan da programaren ezarpena, eta balorazio “oso positiboa” egin dute. KiVa Turkuko Unibertsitateak garatu zuen Finlandian. Nabarmendu dutenez, azken sei urtetako datuen emaitza “positiboa” izan da, jarraipena egiteko unibertsitateak bidaltzen dituen galdetegi anonimoen arabera.

2016an txertatu zuten lehen aldiz lehen hezkuntzan, eta 2019tik aurrera DBHn ezarri zuten. Ikastolen Elkarteak azpimarratu du programak “bereziki” bullyingaren prebentzioan jartzen duela fokua: “Gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du. Gelan lantzen diren unitate didaktikoen bidez lortzen da hau”.

Halaber, programak bere gain hartzen du ikastolako komunitate osoa, eta programan inplikatzen ditu ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak: “Ikastola bakoitzak KiVa taldea dauka eta ikasle guztiek dakite beraiengana jo behar dutela”.

2009an hasi ziren Finlandian KiVa metodoa erabiltzen, bullying edo eskola jazarpenari aurre egiteko. Erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu zuten urte gutxian, eta herrialdeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ia guztietan ezarri zuten. Metodoaren arrakasta ikusita, nazioartera hedatu zuten programa eta gurean Ikastolen Elkarteak ezarri zuen zenbait ikastolatan. ARGIAko Mikel Garcia programaren nazioarteko koordinatzaile Johanna Alanenekin mintzatu zen 2016an. Hemen irakur daiteke programaren nondik norakoei buruzko elkarrizketa.

Material aukera zabala

Programaren onurak zerrendatu ditu elkarteak. Esaterako, jakinarazi dute tresna eta material “aukera zabala” eskaintzen duela, eta bi astez behin lantzen dituztela tutoretza orduan. Bestalde, “esku hartze eredu argia” eskaintzen du eskola jazarpen kasuetan. Ziberjazarpena gero eta ohikoagoa den garaiotan, lantzeko materiala ere eskuragarri dago programan.

“Eskola jazarpena fenomeno globala izateaz gainera, fenomeno sozial eta taldeko fenomenoa ere bada. Eskola jazarpena Nafarroako ikastolentzat kezka nagusia izan da beti”, adierazi dute. Halaber, nabarmendu dute “funtsezkoa” dela ikasleek balio pertsonal eta sozial sendoak garatzea “gizarte hobe bat eraikitzeko”.