17 urteko neska batek bere buruaz beste egin du Galizian, bisexuala zela esan zuenetik eskolakideengandik jasan zuen jazarpenaren ondorioz. Galiziako dozena bat LGBTI+ elkarte oso gogor mintzatu da, fokua erasotzaileengan jarriz: “Bisexual izateagatik gorroto zuen eta hala adierazi zion pertsona bakoitza bere hiltzailea da, eta beste alde batera begiratu zutenak, heriotzaren konplize”.
Bisexual zela esan eta berehala hasi zen galiziarraren amesgaiztoa. Ikastetxez aldatu behar izan zuen, baina bullyinga sufritzen segitu zuen eta jazarpena etengabea bihurtu zen sare sozialen bidez. “Ezin izan zuen hainbeste gorroto jasan”, diote elkarteek, komunikatu batean.
Ikastetxean babesgabe
Jazarpenerako arrazoi nagusietakoa izaten segitzen du sexu joerak eskolan. Heterosexual ez diren ikasleak babesgabe sentitzen dira maiz, beharbada etxean ere ez dakite bere sexu joeraren berri eta irakasleengan ez dute agian konfiantzazko norbait aurkitzen, gertatzen zaiena kontatzeko. Sarri eskola ez da eremu segurua, ez erosoa, ez lagunkoia ikasle hauentzat, eta horregatik da hain inportantea gaia ikasgeletan –baita gizarteko gainerako esparruetan ere– lantzea eta mahaigaineratzea, heziketa sexu-afektiboan indarra jarriz eta aniztasunean heziz.
Biktiman ez, erasotzaileengan jarri nahi izan dute fokua LGBTI+ elkarteek, arazoari heltzeko modu onena ingurukoen jarreran zentratzea delakoan. Eraso egin ez arren, “beldurragatik edo ezaxolagatik beste alde batera begiratu eta lagundu ez ziotenak” ere kritikatu ditu komunikatuak, hilketaren konplizetzat joaz.
Elkarte hauek argi dute: “Erailketa soziala” izan da, eta gizarte gisa dagokigu gaia lantzea.