KiVa du izena eta Finlandiako ekimena da, hezkuntza komunitatearen eta Finlandiako Gobernuaren artean sortua. Eskolan jazarpena eta ziberbullying-a amaitzeko eraginkorra izaten ari da eta herrialde hartan, oinarrizko hezkuntza ematen duten ikastetxeen %90ak du martxan dagoeneko.
Datuen arabera, KiVa-ri esker ikastetxeen %79an desagertu egin da bullyinga eta jazarpena gutxitu egin da %18an.
Gakoa: lekukoengan eragitea
Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria, ez biktima ez erasotzaile zuzen, baina gertatzen denaren lekuko diren edota barre egiten dutenengan eraginez. Izan ere, sarri “isiltasunaren legeak”, erasotzailearekin konplizitate horrek ahalbidetzen du jazarpena, baina lekukoak zerbait esanez gero bera ere biktima bihurtzeko beldurra izan dezake, edo talde indartsuaren parte sentitu nahi du.
Hala, lekukoen jarrera aldatzea da helburuetako bat, taldeak duen indarraz jabetzea, eta biktimarekin enpatizatuz, hura lagunduz eta defendatuz, erasotzailea bakarrik uztea.
7 urtetatik lantzen
Ikasleek hogei bat eskola jasotzen dituzte, 7, 10 eta 13 urterekin, jazarpen moduez, elkarbizitzaz, errespetuaz, enpatiaz… Gida-liburuak, bideojokoak, material birtuala, bilerak, gurasoekin egindako solasaldiak… dituzte horretarako. Postontzi birtuala ere badute haur eta gazteek, biktima edo lekuko baldin badira salaketa egin ahal izateko.
Ikasleen parte-hartzea bilatzeaz gain, ikastetxe bakoitzean hiruzpalau irakasle arduratu ohi dira jazarpenaren kontrako taldeaz. Erasotzaileekin, biktimekin, egoki ikusten duten ikasleekin eta gurasoekin hitz egiten dute.